Cook, Serve, Delicious! frankizia ezagunetik urrunduko den titulu berria izango da. Askotariko errezetekin batera istorio sakona eta misio mordoa edukiko ditu.

Vertigo Gaming estudioak bere hurrengo proiektua ezagutzera eman du: janari errezetekin jarraituko dute Cook Serve Forever itxurosoan; oraingoan, ordea, istorio sakona eta ezagutzeko hiri koloretsua batuko dute hainbat orduko abenturan. 2023rako prestu edukiko dutela aurreratu dute arduradunek.

Estudioa Cook, Serve, Delicious! sagaren sortzaileak izateagatik da ezaguna. Cook Serve Foreverrek izena zein girotzea partekatuko dituen arren, “atal guztiz berria” izango dela diote; hau da, jatorrizko jokoetatik urrundu egingo den titulua da.

Helianthus deitutako solarpunk hirian Nori Kaga deitutako sukaldariaren rola hartuko dugu. Bere helburu nagusia sukaldaritzarnen erregina den Rhubarb chef-aren parera iristea izango da. Horretarako ehundaka osagai erabilita errezeta mordoa kozinatzen eta saltzen ariko gara “sukaldaritzaren erritmoa eta sentipenak simulatzen dituen jostagarritasun mekanikekin”.

Dozenaka orduko iraupeneko abentura erraldoia, kooperatiboan gainditzeko kanpaina, Jonathan Geer musikagileak sortutako soinu banda eta bikoizketa osoa agintzen dituzte Vertigokoek. Argi dago beraz edukiz betetako lana eratu nahi dutela.

Cook Serve Forever 2023ko lehen hilabeteetan estreinatuko da: plataformei dagokienez, momentuz PC-rako bertsioa soilik baieztatu dute.