Asteazkenerako prest egoteko eskatu diete CSren jokalariei. Source 2 garapen motorearekin sortutako tiro jokoak hainbat hilabete daramatza betan.

Counter-Striken jokalariek martxotik itxaroten duten unea datozen egunotan iritsiko da: Valvekoek CSren sare sozialetatik datorren asterako “ze asmo dituzten” galdetu diete jarratzaileei. CS2 ofizialki argitaratuko dutela dirudi, beraz.

Ezaguna da Gabe Newell-en enpresakoek sareetan adarra jotzeko duten ohitura, baina hitzok ezagunak dira komunitatearen artean. Izan ere, 2018an mezu berbera zabaldu zuten sare sozialetan, eta, egun batzuk beranduago, CS: Global Offensive doako formatura igaro zen Danger Zone eguneraketarekin.

Berez ez da harritzekoa: CS2 iragartzerakoan 2023ko udan kaleratuko zutela adierazi baitzuten. Pixkat berandutu zaie, baina tiro jokoaren azken bideoetan data berbera aipatzen jarraitzen zutenez, laster heldu behar zen.

Asteazkena aipatzen dute: bideojoko berria egun horretan merkaturatuko lukete, hortaz. Berria diogu, baina CS2 gaur egungo Global Offensiven eguneraketa erraldoia izango litzateke, hau ordezkatuz.

Martxoan iragarri zutenean beta itxia abiatu zuten; ordutik hona are kode gehiago bidaltzen ibili dira, eta azken egunotan sarbidea lortu duten jokalarien kopurua nabarmen hazi da.

CS2 sagako bosgarren titulua izango da. Izenburuko 2 hori garapen motorretik dator: Source 2 tresna erabili dute Valvekoek. Eguneratutako atal grafikoa ikusi dugu; dena den, PC xumeenek mugitzeko gai izan behar direnez, ez espero sekulako grafiko ikusgarriak. Horren ordez, estetika koloretsuagoaz gozatuko dugu: pantailan gertatzen ari dena ulertzeko aproposagoa.

Efektu bolumetrikodun ke dinamikoaazpitick-ak tickrate-an, mapa zein kokaleku eraberrituak eta bestelako aldaketak ekarriko ditu garapen motore berriarekin sortutako klasikoak. Efektuak eta soinuak ere hobetuko dituzte teknologia berriei esker.

Sortzaileei bideratutako erremintak argitaratuko dituzte, gainera: Source 2 edonork erabili ahalko du mapak sortzeko eta hauek Steam saltokiko baliabideen workshop-ean kaleratzeko nahiz partekatzeko.

CS: GOren inbentarioa azalekin eta kutxekin beteta badaukazu, lasai egon: ez duzu ezer galduko, elementu guztiak CS2ra igaroko baitira.

Game Erauntsiaren aldetik gauzatxoak datoz, bide batez! Adi CS2ren argitalpenari, eta, ostean, jarrai itzazu gure sare sozialak.

Esan bezala, oraindik iradoki baino ez dute egin, baina Counter-Strike 2 datorren asteazkenean estreinatuko da ziurrenik. Steam bidez jokatu ahalko da, eta doako formatuan jarraituko du CSren aro berriak.