PS1eko bideojokoa moldatzeaz eta hobetzeaz arduratu da Cameron Redmore. PCan estreinatu da, baina Android bertsioa ere prestatzen dabiltza.

Crash Team Racing maitatuak ere birkonpilazioa jaso du. Turbocharged azpitituluarekin, lasterketa jokoa PCko bertsioarekin iritsi da zaleen eskutik.

Zehazki, Cameron Redmore izan da proiektuaren arduradun nagusia. 1999. urtean Naughty Dog estudioak PlayStation 1 kontsolan kaleratutako jokoaren kodea dekonpilatuta, aldaketa eta berritasun mordoa gaineratu dizkio obra originalari. CTR-native proiektutik eratorritako lana da, tartean, CTR: High Octane bertsioaren edukiak ere hartuta.

Aldaketa grafikoetatik hasita, ohiko bereizmen, fotograma tasa, pantaila zabalentzako euskarri eta kalitate maila hobekuntzak ikusiko ditugu. Renderitzaile propioarekin, joko guztiz berria dirudi, PS1eko poligono dardaratiak edo textura okerrak alboratuta. Ez da horretara mugatzen, berrikuntzak benetan nabarmenak baitira: High Octane bertsioarekin gehitutako lau jokalarirentzako tokiko multijokalaria, neurrira egindako kopak, alderantziko edo ispilu zirkuituak, mamuen errepikapenak eta askoz gehiago inplementatu dira port-ean.

Abentura modalitaterako txukuntzeak ere datoz: adibidez, partida automatikoki gordetzea, pertsonaiaz edozein unetan aldatzea, erronka berriak, desblokeatzeke dauden elementuen menuak edo bestelakoak aurkituko ditugu.

Aldi berean, nahi izanez gero, jatorrizko grafikoekin eta aukerekin jokatzea ere eskaintzen digu moldaketak, hori bai, PCko berezko bertsioan arituta. Are gehiago: aukera bakoitza aktiba daiteke, originalaren eta Turbochargeden arteko nahasketak ahalbideratuta.

Etorkizunera begira, egokitzapena hobetzen joateko asmoa agertu du egileak. Android zein MacOS bertsioak, sareko partidak edo mod euskarria aipatzen dira bere webgunean.

Proiektuaren webgunetik jaitsi dezakegu birkonpilazioa. Windows zein GNU/Linux bertsioak aurkituko ditugu bertan. Noski, funtzionaraztea lortzeko joko originala beharko dugu, bere baliabideak hartzen baititu porta sortzeko. Hori eginda, jokoa abiatu, eta lehen aukerak hautatuko ditugu, jarraian jokatzen hasteko.

 

Adimen artifiziala, birkonpilazioen munduan ere polemika eragiten

Redmorek adierazi duenagatik, CTR Turbocharged sortzeko adimen artifizialaz baliatu da. Ez da vibe coding delakoan aritu, ordea, AAak proiektua bideratzen lagundu diola aipatzen du.

Izan ere, azken asteotan dekonpilazioen eta birkonpilazioen munduak —emulazioarekin batera— sekulako iraultza bizi du, hein handi batean, adimen artifizialari esker. Gaur egun proiektuen abiadura jarraitzea ia ezinezkoa da, dozenaka jokoren birkonpilazioak ikusten baikabiltza. Adibidez, Bloodborne desiratuak hainbat proiektu ditu dagoeneko: kasu batzuetan, adimen artifizialarekin sortutakoak, beste batzuetan, atzean emulagailuaren atalak erabilita. Biak aldi berean erabiltzen dituenik ere badago.

Orain arte urte luzeko lana zen jokoak dekonpilatzea eta birkonpilatzea. AAarekin lana erraztuta, baina, zalantzak eta liskarrak sortu dira komunitatearen artean. Portak eta moldaketak kaleratzen dira, bai, baina ez dago hauen kodea ulertzerik, akatsak konpontzea ezinezkoa izanik, eta etorkizunera begira hobekuntzak inplementatzen jarraitzea benetan zaila eginda.

Dekonpilazio proiektu ezagunak kexaka agertu dira, batzuk guztiz alboratuta utzita: egunotan Decomp.dev webgunea bertan behera uztea erabaki du arduradunak, adimen artifizialak mundu hau nahastu duela aldarrikatuta. Hasiera batean, dekonpilazio lanak biltzea, indarrak batzea eta zaleei erraztasunak eskaintzea zen helburua, baina eztanda honekin zentzua galdu duela nabarmentzen du egileak.