PlayStation eta Xbox kontsoletan abiatuko ditu Activision-ek. Beta itxia proposatu dute apirilerako.

Crash Bandicoot-en hurrengo lanak, Crash Team Rumblek, argitaratze data jaso du Activisionen eskutik: ekainaren 20an merkaturatuko dute MOBA generoa plataformekin uztartzen dituen jokoa.

Lau jokalariz osatutako bi talde ariko dira lehian Team Rumblen. Mapa zoroetan helburu desberdinak betetzen ibili beharko gara taldekideekin elkarlanean: Activisionetik aipatzen dutenez, Scorer, Blocker eta Booster rolak egongo dira.

Lehenak, izenak dioen bezala, tantoak markatzen adituak izango dira. Kasu honetan, Wumba fruitak sartu beharko dira aurkariaren atean. Hori eragozteaz arduratuko dira Blockerrak: atezainak izango dira, laburbilduz. Bukatzeko, Boosterrek harribitxiak bilduko dituzte taldearen abilezia bereziak aktibatzeko.

Crash Bandicooten joko guztietako pertsonaiak ikusiko ditugu norgehiagoketan: Crash, Coco, Dingodile, Dr. Neo Cortex zein Tawna dira, besteak beste, hautatzeko egongo diren protagonistak. Mugimendu eta estatistika berezituak izango dituzte, nola ez.

Zoritxarrez, Team Rumblek ez du beste MOBA batzuen proposamen bera eskainiko: ordainpeko bideojokoa izango da Toys for Bob garatzailearena. 30 euroko prezioa adierazi dute Activisionekoek, baina edizio berezi garestiagoak ere egongo dira.

Jokoa erreserbatzen dutenek beta itxian parte hartzeko aukera edukiko dute, gainera: apirilaren 20tik 24ra bitartean abiatuko dute.

Crash Team Rumble PlayStationen eta Xboxen bakarrik ikusiko dugu: PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan merkaturatuko dute. Esan bezala, ekainaren 20an hasiko dituzte MOBA partidak.