Datorren urtean PC, Switch 2, PS5 eta Xbox Series gailuetan estreinatuko du Sega-k.

Crazy Taxi: World Tour ofizialki iragarri du Sega japoniarrak. Taxilari eroaren lanak mundu osoan burutuko dira bideojoko berrian.

San Frantzisko hirian abiatu da Xbox Games Showcase emanaldian erakutsitako trailerra: originalaren jarratzaileek ondo baino hobeto ezagutzen dituzten kaleetatik, alegia. Axel taxista ikusi dugu bertan, bezero desberdinak puntu batetik bestera eramaten, eta, tartean, ekintza zoroak bizitzen: derrape eta turbo artean, berezoak marrazoak arrantzatzen edo pizza dorrea eramaten ikusi ditugu, zelan ez, The Offspring taldearen All I Want-en doinuekin.

Bideo bukaeran, baina, mundu osotik zehar lanean ibiltzeko gonbita iritsi zaio Axeli, lau kokaleku gehiago baieztatuz. World Tour kanpainan Axelen lapurtutako taxi maitatuaren bila ariko garela dirudi, istorioarekin batera minijokoak eta erronkak bete behar izanik. Mapa dinamikoak, taxia pertsonalizatzeko aukerak eta atal estetiko koloretsua ikusiko ditugu Crazy Taxi berrian. Klasikoa berregitearekin batera, multijokalari aukerak ere inplementatuko dituzte: modalitate ugari egongo ei dira.

2027rako agindu dute Segakoek: PCan nahiz Switch 2, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan ikusiko dugu Crazy Taxi: World Tour.