Sistema ezberdinen arteko joko gurutzatua (“cross-platform play” deritzona) bolo-bolo dabil gamer komunitateetan azken boladan. Funtsean, sistema hau plataforma ezberdinen arteko bideojoko berberaren partida gurutzatuan onartzean datza. Egun, gutxi batzuek onartzen dute jada aukera hori (Street Fighter V, Rocket League eta Killer Instinct, esaterako), eta inoiz ez bertsio guztien artean (PS4 edo Xbox One ordenagailuarekin, baina ez beraien artean). Alabaina, Microsoftek nahiko luke Sonyren makinarekin konektatuta egotea, eta bide horretatik jarraitzeko “prest eta zain” dagoela adierazi du behin baino gehiagotan, orain arte japoniarrek txintik esan ez duten arren.

Honen harira, Game Erauntsiaren Telegram taldean eztabaida interesgarri bat jazo zen atzo. Izan ere, jokatzeko modu hau normalizatuko balitz, bidezkoa litzateke agintea (“gamepad”a) erabiltzen dutenek teklatua eta sagua erabiltzen dutenen kontra aritzea? Jakina da bi estilo oso ezberdinak direla, eta borroka edo kirol jokoetan arazo handiegia ez izanagatik (azken batean, hauetan mundu guztiak erabiltzen ditu aginteak), tiro jokoetan ezin behartu PC jokalari bati palankekin jokatzera.

Kide batzuek partidak erabilitako gailuen arabera mugatzearen alde agertu ziren. Beste batzuek agintea erabiltzen dutenei abantailaren bat eman beharko lieketela zioten (auto-apuntea, kasu); edota zuzenean gamepadarekin jokatzera behartu. Nolanahi ere, argi dagoena zera da: joko gurutzatuak gurean geratu eta tendentzia izateko aukera dezente duela, eta enpresek honetatik probetxua ateratzeko egoerara egokitzen asmatu beharko dutela.