Dagoeneko lortu ditu finantzazio kanpaina arrakastatsua izateko beharrezko 84.569 euroak. PC-an zein kontsoletan merkaturatzea bilatzen dute arduradunek.

Indie estudio txikiek Kickstarter bezalako zerbitzuak erabiltzeko ohitura hartu dute proiektu berriak sortzeko beharrezkoa duten aurrekontua biltzerako orduan. Horrela egin zuen Team Cherry-k bere Hollow Knight arrakastatsua eratzerako, eta metroidvania honen pausoak jarraitzen dituen Crowsworn ikusgarriak berbera egingo du: obra honen finantzazio kanpaina martxan jarri du Mongoose Rodeo estudio kanadarrak.

Abiarazi eta lehen egunean kanpaina arrakastatsutzat jotzeko beharrezkoak zituzten 84.569 euroak batzea lortu dute. Hori horrela, bideo-jokoa argitaratzeko beharrezko aurrekontua batu dute: PC-an Windows, Mac eta Linux sistema eragileetarako baieztatu duten arren PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan argitaratzeko asmoa agertu dute arduradunek. Jokatzeko, baina, itxaron egin beharko da oraindik: 2023rako prest edukitzea aurreikusten dute.

Inspirazio iturritzat Hollow Knight aipatuta, From Software-n Bloodborne ezagunarekin ere antzekotasun handiak dituela esan beharra dago. Bi dimentsiotako metroidvania erako abentura izango da Crowsworn: sprite eta elementu guztiak eskuz marraztutakoak dira, “ikaragarrizko ardurarekin”.

Plataforma atalak eta borrokak izango dira Mongoose Rodeokoen lanaren ardatzak. Plataformetarako Team Cherryren jokoan zein Donkey Kong Country bezalako klasikoetan oinarritu direla nabarmentzen dute garatzaileek: jauzi bikoitzak eta bulkadak erabilita era guztietako erronka eta oztopoak gainditu beharko dira zailtasun handiko plataforma ataletan.

Borroketan kodaina, pistolak eta magia erabiliko dira duelu bizkor eta zirraragarrietan. Errunak batuta protagonista indartu eta abilezia bereziak eskaini ahalko zaizkio. Izar zatiekin ere antzekoa egingo da, modu horretara ahalmen indartsuagoak edukita.

Metroidvania bat izanik mundu irekia esploratu beharko dute jokalariek, abilezia berriak eskuratuta gune berrietara iritsi ahal izateko.

Albistea idazteko unean 137.000 euro biltzea lortu du Crowswornek. Gero eta diru gehiago batu, are ezaugarri eta joko mota gehiago gaineratzeko aukera izango dute kanadarrek: etsai nagusien aurka egiteko joko mota aipatzen dute desblokeatzeko helburuan artean, baina askoz ere ustekabeko gehiago daude.

Bideo-jokozaleek 28 egun dituzte oraindik finantzazio kanpainarekin laguntzeko; eskainitako diru kopuruaren arabera bideo-jokoaren ale bat eta bestelako eduki gehigarriak jasoko dituzte.