Paradox Interactiven estrategia joko arrakastatsuaren hirugarren atala Steamen, Paradox Storen eta Microsoft Storen argitaratuko dute.

Iaz iragarritako Crusader Kings III-k argitaratze data jaso du. Irailaren 1ean PCko jokalariek Erdi Aroko inperioa osatu ahalko dute Paradox Interactive garatzen ari den estrategia joko berrian.

Islandiatik Indiara eta zirkulu polarretik Afrikara arte zabalduko den mapa eskuetan hartuta, jokalariak errege etxe edo familia noble bat aukeratu beharko du. Norbere etxea historian gidatu eta hedatzea izango da jokalarien helburua diplomazia, armadak eta beste hainbat bide erabilita.

Crusader Kings III bi edizio desberdinetan argitaratuko dela iragarri dute arduradunek. Edizio normalak oinarrizko jokoa eta Germaniako Erromatar Inperio Santuko jantziak batuko ditu. Royal Edition deitutakoak aipatutako edukiei Expansion Passa gehituko die. Paradoxek ez ditu zehaztu espansioekin gaineratuko dituzten eduki guztiak.

Estrategia jokoa Steamen, Paradox Storen eta Microsoft Storen argitaratuko dutela azaldu dute garatzaileek. Ez hori bakarrik, PCko Xbox Game Pass zerbitzuan ere egongo da irailaren 1etik aurrera.