Crytekek PCrako eta kontsoletarako kaleratuko du Crysis Remastered Trilogy. Hobekuntzak ezagutzera emateko trailerra prestatu dute.

Azken egunetan Crytek garatzailea sare sozialetan zabaltzen ibili den aztarnengatik Crysisen bigarren atalaren birmasterizazioa iragarriko zutela zirudien, baina azkenean pauso bat harago joatea erabaki dute. Iaz Crysis Remastered argitaratu ondoren, hiru jokoen birmasterizazioak batuko dituen Crysis Remastered Trilogyn lan egiten ari dira orain.

Ipar Koreako irletatik hasita New York bisitatuko dute jokalariek lehen pertsonako tiro-jokoen trilogia honetan. Botere bereziak eskainiko dituen trajea jantzita estralurtarren inbasio bati aurre egitea izango da helburu nagusia. Indarra, abiadura, defentsa eta kamuflaje ahalmenak ezinbestekoak izango dira bizirik jarraitzeko.

Saber Interactive garatzailea izango da, beste batez, birmasterizazio lanaz arduratuko den estudioa. “Jantzia inoiz ez bezala sentitzeko aukera” emango dutela agindu dute belaunaldi berrientzako obra hauekin.

Crysis Remastered erosita dutenek lasai egon ahal dira: atal bakoitza banaka erosi ahalko dela jakitera eman dute Crytekekoek. Jokalari bakarrarentzako kanpaina soilik birmasterizatuko dute hiru jokoetan, eta beraz multijokalaria alboratu egingo dute.

Crysis Remastered Trilogy udazkenean merkaturatuko dute PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetarako.