Bergarako Udalak antolatutako lehiaketa udalerriko Zabalotegi Aretoan jarraitu ahalko da 18:00etatik aurrera. Twitch bidez ere eskainiko da.

Counter-Strike 2k bere Euskal Herriko lehen txapelketa handia abian jarri du jadanik. ZTB jardunaldien eta Wolfram Encounterraren aterpean egin du: Bergarako Udalak antolatutako ekimenaren baitan dago CS2 Wolfram 2023 txapelketa. Azaroaren 4an final handia lehiatuko da.

Kanporaketa fasea jokatu da jadanik, tiratzaile euskaldunik iaioenak batuz. Igarotako larunbat goizean jokatu ziren lehiaketako lehen dueluak.

Wingman modalitatean lehiatu dira norgehiagokak; hau da, bi jokalariko taldeak elkarren aurka jartzen dituen Adiskide joko motan. Hori horrela, partida motzagoak eta zirraragarriagoak ikusi ahal izan dira: Nuke, Overpass, Vertigo eta Inferno kokalekuen bertsio txikiagoetan jokatzen dira Wingmaneko binakako tiroketak.

Mapak aipatuta, jokalarien gustukoena Overpass izan da kanporaketa fasean. Partaideek lehiatuko diren gunea bozkatu behar izan zuten partida bakoitza hasi aurretik, eta gehiengoak hiri bateko parkean kokatzen den borrokalekua aukeratzen zuten. Globoen eragina izango ote?

Partidetan maila bikaina erakutsi zuten lehiakideek: ziztu bizian bukatu ziren lehiak daude, baina hainbatetan benetan parekatutako dueluak izan ziren nagusi. Adibidez, euretako bateko azken emaitza 22-24 izan zen: ia hiru ordu laurden iraun zituen partida luzea eta gogorra jokatu zuten The Fans eta OdolTaldea osatzen zuten Harrika, DRG_200, Heaxpsd eta Ekhi jokalariek.

Kanporaketa fasea bukatuta, fase finalera iritsi diren taldeak aditzera emateko garaia da, noski: aipatutako The Fansekin eta OdolTaldearekin batera Esper zein Txartxarrak taldeetako kideek parte hartuko dute finalerdietan.

 

Aurrez aurre zein online

Bergaran lehiatuko da fase finalaesan bezala, azaroaren 4an 18:00etan hasiko dira partidak Zabalotegi Aretoan. Finalerdiez gain, nola ez, final handia ere ikusteko aukera egongo da. Kanporaketa faseko norgehiagokak partida bakarrera jokatu ziren, baina azken fasean hiru partidatik onenak lortuko du garaipena.

Partidak Bergaran aurrez aurre jarraitzeko aukera egongo da: counterzale oro gonbidatuta dago txapelketaz gozatzera! Dena den, online ere emango ditugu Game Erauntsiaren Twitch kate ofizialaren bidez.

Txapeldunek, gainera, sari polita eramango dute etxera: bideojokoak erosteko 50 euroko opari txartel bana irabaz dezakete Euskal Herriko CS2 jokalaririk onenak direla erakutsita.