Studio MDHR-ren 2017ko akzio eta plataforma abentura arrakastatsuaren espantsioa izango da. “Orain arteko etsai nagusi handienak” bilduko ditu.

Cuphead – The Delicious Last Course 2018ko E3 azokan iragarri zuen Studio MDHR-ek. 2019an kaleratzeko asmoa zuten garai hartan, baina zaleek ez dute Cuphead zoragarriaren espantsiora jokatzeko aukerarik izan oraingoz; hau datorren urtean aldatuko da, ekainaren 30ean merkaturatuko baitute eduki gehigarria.

Iragarpena The Game Awards sarien baitan egin dute stop motion bidezko trailer bereziarekin. Halere, gameplaya ere bere txokoa eduki du bideoan: etsai nagusi berriak zein Ms. Chalice pertsonaia mugimenduan erakusteko aprobetxatu dute garatzaileek.

Izan ere, The Delicious Last Coursek irla berria gehituko dio 2017an estreinatutako bideo-jokoari. Bertako mailatan eta edukietan ikaragarrizko lana egin dutela aipatu du Maja Moldenhauer Studio MHDR-ko arduradunak Xbox Wire blogean: “Etsai nagusien fase bakar batzuek jatorrizko Cupheadeko etsai nagusi osoek baino animazio frame gehiago dituzte”. Benetan harro agertu dira garatzaileak egindako lanarekin, eta trailerra ikusita argi dago zergatik.

Aipatu bezala, Cuphead eta Mugman ezagunekin batera Ms. Chalicekin jokatu ahalko dute jokalariek oraingoan. Bere abilezia eta ahalmen propioak edukiko ditu, eta etsaiak “modu berrietan garaitzeko” bideak eskainiko dituela diote sortzaileek.

PC, PlayStation 4, Xbox One eta Switch plataformetan estreinatuko da ekainaren 30ean Cuphead – The Delicious Last Course.