Chuhai Labs Games estudioak purgatoriotik ihes egiteko 100 bat zulo gainditzea proposatuko digu; abilezia magikoak ezinbestekoak izango dira horretarako.

Kirol jokoak arkade mekanikekin batzen dituzten tituluak oso gustuko ditugu Game Erauntsian. Futbola, tenisa, lasterketak eta bestelakoak botere harrigarriekin eta jokagarritasun dibertigarriarekin biltzen direnean sekulako lanak eman ohi dira. Hori izango da, dirudienez, Cursed to Golf itxurosoak eskainiko diguna: abuztuaren 18an kaleratuko da, izenburuak adierazten duen bezala, golfaren munduan girotutako jokoa.

Tragikoki hiltzen den golf txapeldun baten rola hartuko dugu Chuhai Labs Gamesen lanean. Golfaren purgatorioan esnatuko da; bertako espirituek diotenez, etengabe aldatzen ari den hemezortzi zuloko golf zelaia gaindituz gero, berpizteko aukera izango dugu.

Txapeldunak izanik, erraza dirudi, ezta? Infernuan gabiltzanez, baina, denetariko oztopoei aurre egin beharko diegu: eskeletoak, atariak, eztenak, dinamita eta gehiago ikusiko ditugu zelaietan gure pilota geldiarazi nahian.

Zorionez, hauek gainditzeko abilezia bereziak eskuratuko ditu gure golf jokalariak: pilota biderkatzea, airean norabidea aldatzea, denbora geldiaraztea eta askoz gehiago dira partidetan erabili ahalko ditugunak. Guztira, 20 abilezia baino gehiago lortuko ditu gure protagonistak.

Etsai nagusien kontra ere egingo dugu, gainera. Hauek izango dira, zalantzarik gabe, abenturako erronka nagusiak. Hauek ziega formatuko munduetan sakabanatuta egongo dira; lau bat bioma desberdin ikusiko ditugu horietan. 100 bat maila gainditu beharko ditugu Cursed to Golfeko txapeldunak izateko.

PC-an nahiz PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan estreinatuko da Cursed to Golf abuztuaren 18an.