CD Projekt-eko garatzaileek hainbat berritasun eta hobekuntza aurkeztu dituzte beren RPG polemikoarentzat.

Heldu da Cyberpunk 2077ri buruzko berritasunak jasotzeko eguna. CD Projektekoek aurkezpen berezia agindu zuten: bertan aurkeztu dute dagoeneko kaleratu duten 1.5 adabakia. Ekarriko dituen aldaketen artean nabarmentzekoa da belaunaldi berrirako jauzia: PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletako berezko bertsioak heldu dira eguneraketarekin.

Kontsola hauetan aspalditik joka zitekeen Cyberpunk 2077ra; hala ere, ez zuten inolako aldaketa teknikorik jaso. Hori izango da, beraz, 1.5 eguneraketaren helburu nagusia: atal grafikoa hobetu, akatsak zuzendu eta era guztietako ezaugarriak gehituko ditu.

PS5 eta Xbox Series X kontsoletan izpien trazadura ikusiko dugu —itzalen kasuan, behintzat—. Dena den, 4K bereizmenera eta 60fps-tara jokatzeko Performance Mode deitutako aukerarekin jokatu beharko da; bertan ez da ray tracing-ik egongo. Izpien trazadura erabilita segundoko irudien tasa 30era jaitsiko da; hori izango da, halabeharrez, Series S-ko tasa.

“Kalitate bisuala hobetzeko ezaugarriak” agindu dituzte baita; dagoeneko PC bertsioan ikus daitezkeenak izango dira. Belaunaldi berrian jokoak zer nolako itxura duen ikusteko bi bideo luze prestatu dituzte, bakoitza kontsola batekoa:

Grafikoak alboratuta, baina, bertsio guztietarako aldaketa zerrenda luzea aurkeztu dute poloniarrek. Arma berriak ikusiko ditugu eguneraketarekin, hasteko eta behin. V protagonistak apartamentu gehiago edukitzeko aukera edukiko du —bakarra zegoen jatorrizko abenturan—, eta itxura aldatzeko ispiluak izango ditu horietan.

Jostagarritasun, ekonomi eta altxor zein sari sistemak orekatuko dituzte: arerioen adimen artifiziala hobetuko dute borroketan, kaleko pertsonaien erreakizoak areagotuko dituzte, gidatzeko mekanika berriak gehitu, trafikoa areagotu eta beste hainbat aldaketa.

Berritasun txiki zein handi guztiak biltzen dituen zerrenda prestatu dute CD Projektekoek jokoaren webgunean. Hemen irakur ditzakezu. Gainera, jokalari berriak erakartzeko doako bertsioa iragarri dute. Lehen bost orduetara dohainik jokatzeko aukera eskainiko dute bertan. Martxoaren 30era arte iraungo du eskaintza honek.

Cyberpunk 2077ren 1.5 adabakia guztiz doakoa da. Dagoeneko jokoaren plataforma guztietan jaitsi daiteke.