Datorren urtean kaleratuko du CD Projekt Red-ek ordenagailuetan eta egungo belaunaldiko kontsoletan. 1.6 adabakia argitaratu dute jada.

CD Projekt Redeko poloniarrek Cyberpunk 2077 tituluaren berritasunak eskaini dituzte zuzeneko emanaldi bereziaren bidez. Bertan, lehenengo espantsio handia izango dena aurkezteari ekin diote: Phantom Liberty izenarekin, Night City erraldoiko barruti berrira eramango gaitu.

Espioiak eta gobernuko agenteak izango dira nagusi 2023an helduko den DLC handi honetan. Ez dute xehetasun handirik eskaini, baina Keanu Reeves aktoreak jokatutako Johnny Silverhand pertsonaia itzuliko dela ikus dezakegu; berarekin batera jatorrizko abenturan azaldu gabeko pertsonaia berriak agertuko dira.

Zoritxarrez, espantsioa ez da iritsiko Cyberpunk 2077 estreinatu zen plataforma guztietara: PC-an zein egungo belaunaldi kontsoletan soilik jokatu ahalko dugu Phantom Libertyra. Hortaz, PlayStation 4 nahiz Xbox One kontsolak eduki berriak jaso gabe geratuko dira.

Ez da harritzekoa, alde batetik: Cyberpunkek arazoak izan ditu plataforma guztietan, baina aurreko belaunaldiko gailuetan izandakoak benetan nabarmenak dira.

Bestelako berritasunak ere jaso dituzte bideojokoaren jarraitzaileek. Netflix-ekin eta Trigger animazio estudioarekin batera ekoiztutako Cyberpunk: Edgerunners animea irailaren 13an estreinatuko da, eta hori ospatzeko hainbat eduki berezi iritsi berri dira Cyberpunk 2077ra.

Are gehiago, era guztietako hobekuntzak eta zuzenketak dakartzan 1.6 eguneraketarekin estreinatu dira eduki berriok. Berritasun nagusia Wardrobe deitutako ezaugarria da. Izenak dioen bezala, jantziei eta arropei zuzendutako funtzioa da: honi esker nahi bezala jantzi gaitezke, baina esku artean dugun beste edozein arroparen ezaugarriak mantenduz. Horrela, maila baxuko jantzi itxurosoei maila goreneko ezaugarriak atxiki diezaizkiekegu.

Roach Game deitutako arkade jokoa, arma zein misio berriak eta plataforma arteko jarraipen gurutzatua dira, besteak beste. 1.6 adabakiaren ezaugarrietako batzuk. Zerrenda osoa hemen irakur daiteke. Hori bai, PS4ak eta Xbox Oneak jasoko duten azken eguneraketa izango dela aurreratu dute garatzaileek.

Etorkizunerako prestatzen dabiltzan edukiei buruz ere hitz egin dute poloniarrek: polizientzako adimen artifizial eraberritua sortzen ari dira, eta autoetatik tiroketetan aritzeko funtzionalitateak ere gaineratuko dizkiote bideojokoari. Hauek ez dute data zehatzik oraindik.

Bukatzeko, mod sortzaileak pozik egon daitezke: jokoaren fitxategiak eraldatzera zuzendutako REDmod erreminta argitaratu dute CD Projektekoek.

Cyberpunk 2077: Phantom Liberty 2023an kaleratuko da PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan.