30.000 diru-itzultze eskaera izan ditu CD Projekt REDek. The Witcher 3: Wild Huntek bere bigarren urterik onena bizi izan zuen iaz.

CD Projekt RED garatzaile poloniarrak joan den urteko etekin ekonomikoen txosten zabala argitaratu du: bertan enpresaren azken joko Cyberpunk 2077ren inguruko datu oso interesgarriak irakurri daitezke.

Jakitera eman dutenez, 2020an RPG abentura honen 13,7 milioi ale saldu zituzten guztira nazioartean. Are gehiago, plataformako salmenta kopurua ere zehaztu dituzte poloniarrek. PCko jokalariak izan dira gehienbat ale kopuru handiena eskuratu dutenak: %56a osatzen dute, guztira ordenagailuetarako 7,67 milioi kopia saldu direla adierazita; halere kopuru horren baitan Stadiarako salmentak ere sartu dituztela nabarmendu beharra dago.

Kontsolen aldetik, PlayStation 4rako saldu dira ale gehienak: 3,84 milioi jokalarik erosi zuten PS4rako jokoa, %28a osatuta. 2,33 milioi saldu ditu CD Projektek Xbox Onerako, portzentai osoaren %17a izanik.

Txostenean salmenta digitalak eta fisikoak ere bereizi dituzte poloniarrek. PCa eta Stadia izanik ale gehien saldu diren plataformak ez da harritzekoa ale digitalak nagusi izatea: Cyberpunk 2077ren salmenta digitalek %73a suposatzen dute, 10 milioi kopia inguru.

 

Hasiera bikaina, baina arazoekin

Arrakasta erraldoia izan arren, Cyberpunk 2077 akats nabarmenekin merkaturatu zuten pasa den urteko abenduan. Horren esanguratsuak izan ziren, PlayStationek bideo-jokoa beraien saltoki digitaletik kendu eta bai Sony zein Microsoft diru-itzultzeak agintzen hasi zirela hori nahi zuten jokalariei.

Horren inguruan ere mintzatu dira poloniarrak: enpresak zuzenean jasotako diru-itzultze eskaerak 30.000 inguru izan zirela adierazi dute. Help Me To Refund deitutako egitasmoa izan zen hau, eta guztira 1,85 milioi euro galdu zituzten horregatik. Halere, datu hauek CD Projektek zuzenean kudeatutako diru-itzultze eskariei dagokie soilik; ikusteko dago kontsoletan eta saltokietan emandako errenboltsoen kantitatea.

Nabarmendu beharra dago hauek 2020ko datuak direla: jokoa ez da PS Storera itzuli oraindik, garatzaileek “laster” egitea espero duten arren. Oraindik eguneraketen bidez akats nabarmenen zuzenketak egiten ari dira garatzaileak gainera; 1.2 eguneraketak ehundaka akats zuzendu zituen martxoan. Hori horrela salmenten eboluzio berezia espero da, lehen datuak izugarriak izan badira ere.

 

Geraltek indartsu jarraitzen du

Begirada guztiak Cyberpunk 2077ri zuzenduta egon dira, baina poloniarren aurreko jokoak ere zeresana izan du txostenean. The Witcher 3: Wild Huntek 2015ean argitaratu zenetik salmenten urterik onena izan zuen 2020an. Gorakada honen zergatia Netflixen telesailean dago: bideo-jokoak guztira 30 milioi ale saldu ditu.

Aurten baina, Cyberpunken zein The Witcher 3ren belaunaldi berriko kontsoletarako bertsioak argitaratuko ditu CD Projekt REDek. Beraz joko hauen salmenta kopuruak nabarmen areagotzea espero da 2021ean.

Datu hauek kontuan hartuta, CD Projektek 2.139 milioi Złoty poloniarreko etekinak aurreikusten ditu 2020an; 468 milioi euro, hain zuzen ere.

Game Erauntsiako kideak Cyberpunk 2077ri buruz aritu ginen otsailean egindako podcastean: bertan jokoaren garapenaren inguruan hitz egin eta arazoz betetako prozesuan sakontzeaz gain RPGaren balorazioak eman genituen.