CD Projekt RED, Trigger Studio eta Netflix elkartu dira berriz. Istorioa aurreko denboralditik aldenduko da, pertsonaia sorta berria aurkeztuz.

Cyberpunk: Edgerunners arrakastatsuaren bigarren denboraldia udazkenean estreinatuko dela aditzera eman du Netflixek. Iragarpenarekin, lehen aurrerapena eskaini dute, protagonistak ezagutzera emanez.

Lehen denboraldiarekin lortutako arrakastari heldu nahi diote berriro Netflix, CD Projekt RED eta Trigger Studio taldeek. Night City-ra itzuliko gara, hiri honetan ez dela amaiera zoriontsurik existitzen ikusteko beste behin. David eta Lucy alboratuko dira, oraingoan pertsonaia sorta guztiz berria jarraitzeko: Weak Kingsley, D, Roman Carax eta Talia Yang dira bigarren denboraldiko aurpegiak.

Cyberpunk 2077 bideojokoan ikusitako txokoak eta kaleak erabili dituzte berriro: trailerrean agertzen diren kokalekuak identifikatzeko gai izan dira dagoeneko zalerik amorratuenak. Biolentzia, tiroak, ziberpsikoak, maitasuna eta kromoa elkartuko dira Edgerunners IIn.

Bigarrenak ere hamar atal edukiko dituela agindu dute arduradunek; modu horretara, antologia erako telesaila eratzen ari dira Mike Pondsmith idazleak sortutako mahaijokotik abiatuta, nahiz eta girotzean CD Projekt Reden jokoko ideiak eta estetika hartzen diren oinarritzat.

Edgerunners originalak zaleak maitemintzea lortu zuen: egokitzapen ikaragarria izan ez ezik, animazio telesail aparta eratu zuten Trigger Studiokoek. Ez da harritzekoa: animazio taldeko beteranoak Tengen Toppa Gurren Lagann —hau Gainax enpresatik—, Dungeon Meshi, Kill la Kill edo Little Witch Academia anime maitatuen egileak dira, besteak beste.

Cyberpunk: Edgerunners II udazkenean kaleratuko da Netflix streaming plataforman.