Plataformak erronkak eta banpiroak elkartzen ditu. Murriztutako prezioa estreinatu da.

Darby Is Here Forever plataforma abentura bukatu, eta PCan Steam bidez kaleratu du Gaua Games talde bilbotarrak.

Darby banpiro txikia gidatuko dugu Celeste bezalako tituluak metroidvania abenturen mapa erraldoiekin batzen dituen plataforma erronka tituluan. Banpiroen etxea deabru erregearen atzaparretatik berreskuratzea izango da helburua; izan ere, gurasoak oporraldian joan ondoren, Darby lo seko geratu da gazteluan, deabruek inbaditzea ahalbidetuta.

200 pantaila edo erronka txiki inguru agintzen dituzte egileek. “Jauzi, hil, errepikatu” lelopean, gela bakoitza gainditzeko bide egokiaren bila ariko gara, saltoka, eta, aldi berean, Darbyren odol plataforma zein planeatze abileziak erabilita tokirik garaienetara iristeko. Buruzagien aurkako borrokak, kontrol gune bezala erabiltzeko desblokeatu beharreko hilkutxak eta retro estetika ederra prestatu dituzte bilbotarrek.

2024an entzun gendun lehen aldiz jokoari buruz, 2025ean kaleratzeko itxaropenarekin; estudioaren lehen lana izanik, erronka uste baino gehiago luzatu zaie, baina, bidean askotariko azoketan eta ekimenetan parte hartu ondoren, kaleratzea lortu dute. Esaterako, Game Erauntsiak Azkue Fundazioarekin elkarlanean antolatutako Jokoteknia jardunaldietan parte hartu zuen Asier Garatxena taldekideak:

 

Laster, euskaraz

Argitalpenerako heldu ez den arren, laster euskarazko lokalizazioa gehituko diotela agintzen dute bilbotarrek, abentura osoa gure hizkuntzan gainditzeko aukera ahalbidetuta. Horrekin batera, jokoaren zenbait alor txukuntzeko adabakiak ere prestatzen dabiltza, esaterako, etsai nagusi batzuen aurkako borrokak erraztuta.

Oraingoz, murriztutako prezioan —1,82 eurotan!— eros dezakegu Darby, aitzakia aproposa izanik etorkizunean euskaraz jokatzeko obra berria bereganatzeko. Steam plataforman aurkituko dugu Darby Is Here Forever.