Doinksoft indie estudioak PCan eta Switch kontsoletan kaleratuko du. Run and gun partidak roguelike ezaugarriekin elkartuko ditu.

Dark Scrolls maiatzaren 28an argitaratuko dela iragarri du Devolver Digital indie argitaletxeak. Prozeduralki sortutako 2D plataforma abentura frenetikoa lagunekin batera gainditu ahalko da.

Doinksoften obra berria dugu; alegia, Gato Roboto zein Gunbrella ezagunen arduradunena. PC zein Switch bertsioak prestatzen dabiltza estudio independentekoak.

Bederatzi heroiren artean hautatu beharko da partida abiatzerakoan, katalogo eroa eratuta: zaldunak, aztiak, sukaldariak nahiz estralurtarrak igaroko dira jokotik. Bakoitzak berezko ahalmenak eta abileziak erakutsiko ditu, partidak eraldatzeko bide mordoa aurkeztuta. Aizkorakadak, geziak… edo haragi xerrak zein txakurren zaunkak jaurtitzen ariko gara beraiekin. Gainera, bete beharreko bigarren mailako misioen eskaintza desberdina edukiko dute.

Madarikatutako basoak, herrixka ilunak, mendi gailurrak, eta, zelan ez, gaztelu beldurgarriak zeharkatuko dituzte protagonistek. Jokoa prozeduralki sortutakoa dela esaterakoan, mailei buruz dabiltza garatzaileak: plataforma, bide eta etsai aldakorrak ageriko dira. Inguruneen xehetasunak eta grafikoak, baina, eskuz sortutakoak direla diote Doinksoftekoek.

Misioak gainditu ahala, gure heroiak indartzeko objektuak eta armak eskuratuko ditugu, pantaila osoan sarraskiak eragiteko moduko abileziak lortuta eta jokoari roguelike elementuak gehituta.

Hortaz, kaosa eta trebezia izango dira benetako protagonistak, korritze horizontaleko mailetan dozenaka arerio ageriko baitira; era batean, Contra edo Ghosts 'n Goblins bezalako run and gun klasikoen oinarriak hartzen ditu Dark Scrollsek. Kooperatiboa ardatza izango da, tokiko zein sareko modalitateak eta jokalarien arteko sinergiak proposatuta; hala eta guztiz ere, bakarka ere jokatu ahalko dugu.

Retro jokozaleentzako titulu ezin hobea dator, beraz, hilabetearen amaierarekin batera: Dark Scrolls maiatzaren 28an iritsiko da PCra eta Switchera.