Erasotzaileek beste jokalarien ordenagailuetarako sarbidea lor dezakete jokoen bitartez. PlayStation eta Xbox kontsoletako zerbitzariek irekita jarraitzen dute.

Asteburu zaila izan da Dark Soulsen zaleentzat. Urrutiko kodearen exekutatze ;(RCE, ingelesez) sistema berri batek alarma guztiak piztu ditu PCko komunitatean. Horri aurre egiteko Bandai Namco eta From Software garatzaileek PvP (Player versus Player) zerbitzariak ixteko erabakia hartu dute: Dark Souls Remastered, Dark Souls 2 eta Dark Souls 3 jokoetan itxi dute beste pertsona batzuekin jokatzeko aukera.

Ez da harritzekoa, RCE erasoak ondorio arriskutsuak izan baititzake. Akziozko sagaren erabiltzaileek zehaztu dutenez, kode hauen bidez hackerrek beste jokalarien ordenagailuak eraso ditzakete: erabiltzailearen baimenik gabe nahi duten kodea exekuta dezakete PC hauetan; hau da, ordenagailuaren kontrol guztia lor dezakete nahi izanez gero.

Horixe bera ikus daiteke The__Grim__Sleeper jokalariaren Twitch kanaleko zuzeneko batean. Emanaldian erasotzaile batek Microsoft PowerShell interfazea irekitzea lortzen du jabearen baimenik gabe. Zuzenekoaren ondoren hackerrak asmo txarrik gabe egindako erasoa zela adierazi zuen SpeedSouls Discord zerbitzarian: jokoen arduradunen eta jokalarien arreta erakartzeko helburuarekin zuzenean jokatzen dabilen jendearen jokoetara sartzen izan da.

Jokalariek ez dute denborarik galdu eta arazoa Dark Soulsen arduradunei helarazi diete. Esan bezala, sagako hiru jokoen PCko bertsioetako zerbitzariak itxi dituzte; momentuz Prepare to Die Edition jatorrizko bertsioaren online atalak irekita jarraitzen du, baina hau ere itxi egingo dutela adierazi dute Bandai Namcokoek.

Arazo larriena datorren hilabetean estreinatuko den Elden Ring desiratuaren aldetik dator. Erabiltzaileek aldarrikatu dutenez, joko berri honetan eraso berberak jazotzeko arriskua dago, zerbitzarien aldetik antzekotasun handiak baitituzte From Softwaren lanek: argitaratzerakoan egongo den jokalari kopuru handiarekin, sekulako triskantza eragin dezakete hackerrek.

Momentuz, Bandai Namcokoek arazo hauek konpontzeko lanean dabiltzala adierazi dute. PlayStation eta Xbox kontsoletako Dark Souls jokoen online ezaugarriek martxan jarraitzen dutela jakinarazi dute baita; erabiltzaile batzuek kontsoletan gauza berbera gertatu daitekeela susmatzen dute, baina momentuz arduradunek ez dute zerbitzariak ixteko beharrik ikusi.

Bitartean, ahultasun hau aurkitu duen erabiltzaileak eta beste hainbat garatzailek Blue Sentinel deitutako tresna sortu dute PCko bertsiorako. Tranpen aurkako erreminta honekin eraso hauek ekiditu daitezke: tranpak gelditu, erabili dituzte jokalariak markatu eta hauek kanporatzeko aukera eskaintzen die erabiltzaileei.