Red Hook-en titulua sarbide goiztiarrean joka daiteke iaztik. Lehenengo atalaren oinarriak zeharo eraberritzen ditu.

Darkest Dungeon II desiratuak azkenik jaso du 1.0 bertsioarentzako argitaratze data: Red Hook Studios taldeak jakitera eman duenez, maiatzaren 8an kaleratuko dute PC-an. Steam eta Epic Games Store saltoki digitaletara iritsiko da, zehazki.

Ziegen roguelike abenturaren jarraipenak garapen irekia eduki ondoren merkaturatuko dute; 2021eko urritik sarbide goiztiarrean joka dezakete dagoeneko EGS-an erosita dutenek. Jokalarien feedbackarekin hobekuntzak eta aldaketak prestatuta, ia kaleratzeko prest dago Darkest Dungeonen bigarren atala.

Obra originalaren zaleek berritasun esanguratsuak aurkituko dituzte sekuelan. Ahaztu herrixka kudeatzeko mekanika guztiak: oraingoan gurdi gainean ibiliko gara gune batetik bestera gure heroien taldearekin. Nola ez, honek aldaketa sakonak dakartza jokagarritasunean: borroketan eta gure pertsonaietan ardaztuko dira mekanika guztiak.

Hori bai, ziegak, tenpluak eta bestelako gune interesgarri zein beldurgarriak esploratzean datza jokoaren muina. Horietan munstro ikaragarriak ikusiko ditugu, eta hauek gure protagonisten buruan eragingo dute: erotzea ohikoa izango da, kontuz ez bagabiltza behintzat. Taldea zaintzen ibilita ere, zailtasun latzak ez digu zentzutasuna mantentzea erraztuko. Are beldurgarriak izango dira, zentzu batean behintzat, gupidarik gabeko txandakako borrokak.

Horren harira, mekanika berria inplementatu dute garatzaileek. Heroien arteko harremanak sendotzeko baliabideak ditugu orain, baita hauek apurtzekoak ere. Abileziak desblokeatuko, edo harreman txarrak nagusi badira, guztiz mugatuko ditu sistema honek. Itxaropena emateko zein guztiz kentzeko aproposa.

Aldaketa hauek guztiek iritzi kontrajarriak sortu dituzte jokalarien komunitatearen artean: batzuek bigarren atala maite duten bitartean, besteek erroetara itzultzea nahi dute. Halere, argi dago Darkest Dungeon IIren proposamena benetan interesgarria dela rol partiden zaleentzat.

Zalantzak badituzu, atzo abian jarritako Steam Next Fest jaialdian doako demoa argitaratu zuten Red Hookoek. Proban lau heroi eta esploratzeko eskualde bakarra ikusiko ditugu.

Esan bezala, Darkest Dungeon II maiatzaren 8an estreinatuko da.