Beldurrezko jokoetan ohikoa da munstroak aurrez aurre jartzea, ustekabean agertzea eta jokalaria ikaratzea. Baina zer gertatzen da arriskua ikusten ez duzunean? Zer gertatzen da gauaren erdian, zure babeslekuan ezkutatuta, kanpoan zerbait dabilela entzuten duzunean, baina zer den ez dakizunean? Ba horixe da Darkwood-ek proposatzen diguna: beldurra, tentsioa eta biziraupena. Eta orain, euskaraz ere jokatu dezakegu!

2017an Acid Wizard Studio garatzaile poloniarrek kaleratutako lana da Darkwood. Ikuspegi zenitaleko biziraupen eta beldurrezko jokoa da, baina ez pentsa ohiko joko bat denik. Grafikoek ez dute errealismo handirik bilatzen, baina giroa sortzeko orduan ez dute parekorik. Baso ilun batean murgiltzen gaitu, non eguzkia sartzen denean gauzak oso itsusi jartzen diren.

 

 

Baina, zertaz doa jokoa?

Baso misteriotsu batean harrapatuta dagoen pertsonaia baten azalean jarriko gara. Ez dakigu aurretik zer gertatu den, ezta baso horretan zer dagoen ere. Dakiguna da handik bizirik ateratzeko ahalegina egin beharko dugula.

Egunez basoa esploratzeko aukera izango dugu. Inguruko etxeak eta bestelako kokalekuak miatu, baliabideak bildu, armak sortu eta istorioaren inguruko arrastoak aurkituko ditugu. Baina kontuz ibili! Baliabideak mugatuak dira eta ez dakigu noiz izango dugun berriro behar duguna aurkitzeko aukera.

Eguzkia sartzen denean, ordea, dena aldatzen da. Gure babeslekura itzuli, eta gauari aurre egiteko prestatu beharko dugu. Ateak eta leihoak indartu, altzariak mugitu, tranpak jarri eta beharrezkoa den guztia egin, gaua bizirik pasatzeko.

Orduan hasten da benetako beldurra. Kanpoan zaratak entzuten dira, ateak mugitzen dira eta zerbait gure babeslekuan sartu nahian dabil. Ez dakigu zer den, ezta nondik etorriko den ere. Linterna piztu eta iluntasunean zerbait ikusten saiatuko gara, baina batzuetan hobe izango da ez begiratzea...

Jokoaren alderdirik interesgarrienetako bat giroa sortzeko duen gaitasuna da. Jokoak ez du beldurra eragingo dizun musika ozena edo pantailan bat-batean agertuko den munstrorik behar. Soinuek, iluntasunak eta ikusmen-eremu mugatuak etengabeko tentsioa sortzen dute. Eta hori guztia ikuspegi zenital bat erabiliz!

Gainera, basoan aurkituko ditugun pertsonaiek eta hartuko ditugun erabakiek istorioaren garapenean eragina izango dute. Ez dakigu noretaz fidatu, eta agian ez da komeni inoretaz fidatzea ere.

 

Orain, euskaraz!

Darkwood euskaraz jokatu nahi baduzue, orain baduzue horretarako aukera! Jokoaren ordenagailuko bertsiorako euskarazko itzulpena kaleratu da (ez ofiziala), jokoaren testuak gure hizkuntzan gozatzeko aukera ematen duena.

Darkwood euskaraz jokatzea oso erraza da! PC-ko bertsioan soilik funtzionatzen du itzulpenak. Pauso hauek jarraitu zure jokoa gure hizkuntzara lokalizatzeko:

Kontuan hartu! Badaude irudiak diren testu batzuk eta trebezia faltagatik ezin izan ditudala itzuli, pantaila nagusiko testuak dira horietako batzuk. Beraz, jokoa irekitzerakoan lehen hitzak gazteleraz ikusiko dituzue. Jokoaren hasieran bi zinematika daude gazteleraz, hauek ere ezin izan ditut aldatu.  

1. Jaitsi euskarazko itzulpenaren instalatzailea: Nexusmods edo GEren hodeia.
2. Darkwood instalatuta izan.
3. Jokoaren datuen karpetara joan (Darkwood_Data) eta resources.Assets fitxategia ordezkatu.

Eginda! Orain baso ilun honetan euskaraz bizirauteko aukera duzu. Zorte on, basoak ez bait du errukirik!