Bethesda eta Tango Gameworks garatzaileen lana desagertuta ibili da azken ekitaldi eta aurkezpen handietan.

Ghostwire: Tokyo ez da aurten argitaratuko. Tango Gameworkseko arduradunek baieztatu dutenez, akziozko proiektua 2022 hasierara geroratzeko erabakia hartu dute.

Albistea Twitter bidez zabaldu dute azalpenak eskaintzeko asmoarekin: “zuek jokoa ahalik eta azkarren izatea nahi dugu Tokio beldurgarri bat esploratzeko aukera edukitzeko. Aldi berean, Tangoko guztien osasuna zaintzeko ahaleginetan gabiltza. Argitaratze data berriak Ghostwiren mundua aurreikusi dugun bezala kaleratzeko denbora emango digu”.

Berria ez da harritzekoa izan: Ikumi Nakamura zuzendariak proiektutik alde egin zuen, eta gaur egun ez dago argi nor ari den taldea antolatzen.

Shinji Mikami sortzailearen estudioa Bethesdaren babespean ari da bideo-jokoa garatzen. 2019. urteko E3-an iragarri zuten arren ordutik hona ezer gutxi ikusteko aukera egon da: hasiera batean beldurrezko jokotzat ematen zen, baina ondoren akziozko obra izango dela baieztatu zuten arduradunek.