Mintrocket taldeak sortutako RPG abenturak balorazio bikainak jasoz hasi du bere ibilbidea. Steam saltokian joka daiteke.

Dave the Diver izenak ez du oihartzun handirik eduki oraingoz bideojokozaleen komunitatearen artean. Hori esanda, abentura independente hau ikaragarrizko arrakasta izaten ari da orain astebete estreinatu zenetik: urpekaritza ardatz duen, baina aldi berean argazkilaritza, sukaldaritza, borroka, gestio, nobela bisual, nekazaritza eta beste hainbat mekanika nagusi uztartzen dituen lan bitxi baina bikaina da.

Abenturan Dave izeneko urpekariaren bizitza jarraituko dugu. Blue Hole itsasondoan murgiltzen da egunez, hau esploratuz eta bertako arrainak arpoia eskuan daramala arrantzatuz. Gauez, baina, bere sushi jatetxeaz arduratzen da, sukaldeko lanak burutuz.

Urpekaritza atalek roguelike kutsua daukate; izan ere, oxigeno maila zaindu beharko dugu murgiltzen garen bakoitzean, baliabide guztiak galduz hau bukatzerakoan. Hori ekiditeko gure jantzia nahiz tresnak hobetzeko aukera daukagu.

Tartean aipatutako mekanika eta proposamen gehigarri horiek guztiak betetzen ditu, gainera. Itsasoko izakiei argazkiak egiten ibiltzen da; piztien aurkako borrokan ere dabil; lagunekin zein ezezagunekin abentura zoroak biziko ditu; bukatzeko, ortuan lanean ibiltzen da jatetxerako osagaiak prest edukitzeko. Hori horrela, minijoko mordoa ikusiko dugu abenturan.

Bi eta hiru dimentsioak elkartzen dituen atal estetiko koloretsuarekin eta zainduarekin, Dave the Diver Stardew Valley bezalako kudeaketa, nekazaritza eta bizitza simulazio abenturen oinordekoa dela esan daiteke.

Mintrocket estudio korearraren bideojokoa Steam saltokian aurkituko dugu: bertan balorazio bikainak baino ez ditu jaso, une honetan plataformako bideojokorik onenen artean kokatuz. Jokatzeko gogoak eragiten ditu, ezta?

Esan bezala, PC-an joka dezakegu: Steam plataforman 1.0 bertsioa kaleratu zuten ekainean, baina bideojokoak ia urtebete eman du sarbide goiztiarrean.