Unicorn Overlord-en sortzaile nagusiak eratutako obra izango da. PC, PS5 eta Switch 2 gailuetan estreinatuko da, printzipioz, 2028an.
Takafumi Noma zuzendari japoniarrak Dawngazer proiektua ezagutarazi du. Bi dimentsioko ARPG titulua eratzen dabil orain arte Vanillaware estudioan lan egindako sortzaileak.
Iragarpen bideoarekin argi eta garbi adierazten dizkigu bere erroak: Odin Sphere, Muramasa, 13 Sentinels, Dragon’s Crown edo Nomak zuzendutako Unicorn Overlord tituluen estiloko estetika berreskuratu dute. Fantasiazko munduan kokatuta, askotariko pertsonaia sorta ikus dezakegu Erdi Aroko hiri bat zeharkatzen, errege familiako kide baten hilobi aurrera iritsi arte.
Ez da, baina Vanillawaren jokoa: Monochrome Corporationera igaro da Noma, Good Smile Company argitaletxearekin elkartuta Dawngazer merkaturatzeko. Mundu sakona prestatzen dabiltzala adierazi dute, Dawngazer frankizia berri bateko lehen jokoa baino ez baita izango. Ignisphere izeneko fantasiazko unibertsoaren baitan kokatuko da, transmedia edukiak sortzeko asmoarekin.
Jokagarritasunari buruzko daturik eskaini gabe, jokoaz gozatzeko itxaron egin beharko dugu, 2028rako iragarri baitute. Plataformak zehaztuta geratu dira, hori bai: PC, PlayStation 5 eta Switch 2 gailuetan kaleratuko da Dawngazer.
Lander Unzueta
Iruzkinak