2023ko ARPG abentura berritasun mordoarekin iritsiko da plataforma guztietara urrian. Musashi samuraia irailaren 25ean helduko da. Ekainaren 23an itzuliko da Dante.
Capcomek Dragon’s Dogma 2: Dark Arisen, Onimusha: Way of the Sword nahiz Devil May Cry 5 erakutsi ditu Nintendo Direct emanaldian. Hirurak Switch 2 kontsolan estreinatuko dira.
Dragon’s Dogma 2 eraberrituko duen bertsioa izango da Dark Arisen, lehen jokoarekin egin modura. Jokalarien kritikak entzun dituztela diote japoniarrek, hiru helburu hartuta: “Hobetutako jokagarritasuna, hedatutako abenturak eta balio tentagarria” eskaintzea.
Espantsioarekin elurrezko mapa berria, ziegetako hamabi erronka eta gure arisen protagonistarentzako itxurak ikusiko ditugu. Eduki guztiak Switch 2an ikusiko ditugu zuzenean, baina ordainpeko espantsioarekin PC, PS5 eta Xbox Series plataformetara ere iritsiko dira.
Urriaren 9an kaleratuko da Dragon’s Dogma 2: Dark Arisen.
Bestalde, esan bezala, orain arte PC, PS5 eta Xbox Series gailuetarako iragarritako Onimusha: Way of the Sword Switch 2an ere ikusiko dugu. Gainerako bertsioekin batera iritsiko da Nintendorena: irailaren 25ean abiatuko dira saga ospetsuaren abentura berriak.
Miyamoto Musashi samuraia kontrolatuko dugu oraingoan, Oni deabruen botereak lortuta, Genma izakien aurka borrokatzeko. Duelu ikusgarriak, antzinako Kioto hiria eta atal grafiko ederra agintzen ditu.
Bukatzeko, 2019. urtean kaleratutako Devil May Cry 5 arrakastatsuak berezko bertsioa jasoko du Switch 2an. Devil May Cry 5: Devil Hunter Edition izenarekin, orain arte ikusi gabeko edukiak gehitu dizkio akziozko abenturari. Segundoko 60 fotogramako tasarekin funtzionatuko omen du modu eramangarrian zein mahaigainekoan.
Ekainaren 23an argitaratuko da Switch 2an.
Lander Unzueta
Iruzkinak