Capcomen zonbien frankiziako pertsonaiak, kokalekua eta bestelako edukiak jasoko ditu beldurrezko multijokalari asimetrikoak.

Behaviour Interactivek orain bost urte kaleratutako Dead by Daylighten urteurrena ospatzeko ekimen berezia antolatu zuten beldurrezko jokoaren arduradunek. Bertan aurkeztutakoen artean, aurten 25 urte betetetzen dituen beste beldurrezko saga batekin egingo duten elkarlana ezagutzera eman zuten: Resident Evil Dead by Daylightera iritsiko da ekainean.

Resident Evil Chapter deitutako eduki gehigarriak Capcomen sagako elementuak gehitu ditu lau iheslarik munstro beldurgarri bati aurre egin beharko dioten partidetan. Iheslarien kasuan, jatorrizko Resident Evil zein hirugarren ataleko Jill Valentine protagonista eta lehen aldiz RE2n ezagututako Leon S. Kennedy polizia gaineratuko dira pertsonaien zerrendara. Bakoitzak bere abilezia bereziak edukiko ditu, ohi bezala.

Munstroaren kasuan, hautagai asko eduki dituztela nabarmendu dute Behaviour Interactivekoek. Halere hirugarren jokoko etsai nagusia aukeratu dute Dead by Daylighterako: Nemesis. Bere tentakuluak erabilita iheslariak T-birusarekin kutsatu ahalko ditu; gero eta gehiago kutsatuta, bere erasoek irismen handiagoa izango dute.

Horiez gain Resident Evil 2ko komisaria ospetsua iritsiko da mapa berri modura. Bigarren jokoaren remakean ikusitako egitura mantenduko du, baina Dead by Daylighteko partidetara egokitzeko aldaketak egin dituzte garatzaileek. Sorgailu elektrikoak konpontzea izango da iheslarien egiteko nagusia munstroarengandik ezkutatzen ari diren bitartean.

Bertan, gainera, zonbiak ibiliko dira, iheslariak kutsatzeko arriskua izanik. T-birusarengatik osatzeko txertoak banatuta egongo dira komisariatik, baina hauen kopurua oso mugatua izango denez erabiltzeko une egokia hautatu beharko dute jokalariek.

Ez da obra honek beste bideo-joko batzuetako gonbidatuak jasotzen dituen lehen aldia: aldez aurretik Silent Hill sagako Cheryl Mason eta Piramid Head edota Left 4 Deadeko Bill gehitu izan dituzte. Horiez gain beldurrezko telesail eta filmeetako Freddy Krueger, Ash Williams edota Leatherface pertsonaia ezagunak ere jaso ditu jokoak, besteak beste.

Dead by Daylight – Resident Evil Chapter ekainaren 15ean kaleratuko dute PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta Stadia plataformetarako.