Fatal Falls deitutako DLCak bi kokaleku eta etsai nagusi berria gehituko ditu.
Motion Twin eta Evil Empirek Dead Cells metroidvania eta roguelike arrakastatsuaren bigarren espantsioa iragarri dute. Fatal Falls datorren urte hasieran argitaratzea aurreikusten dute arduradunek.
DLCak hainbat berritasun ekarriko ditu jokora. Esanguratsuenak bi bioma edo kokaleku berri eta etsai nagusia dira, baina ahalmen eta arma berriak ere aurkituko dituzte jokalariek. Hori horrela, aurreko espantsio The Bad Seeden ikusitako ibilbidea jarraituko dute eduki berri hauekin.
Kokalekuak Fractured Shrines eta The Undying Shores deitzen dira: lehenengoan aireko irlak zeharkatu beharko dira, eta bigarrenean amildegi batetik behera joan beharko da ekaitz baten erdian. Gune horiek Stilt Village, Clock Tower eta Time Keeper lekuen eta beraien ordezko ibilbideen paraleloak izango dira.
Evil Empireko frantsesen esku dago espantsioa; gutxienez beste urtebetez eduki berriak garatzearen ardura izango dute. Oinarrizko jokoa sortu zuen Motion Twins obra berria garatzen ari denez, ez dute Dead Cellsen gehigarrietan lan egingo.
Fatal Fallsen iragarpena jokoaren salmenta datuak emateko aprobetxatu dute. Dead Cellsek 3,5 milioi ale saldu ditu 2018an argitaratu zenetik. “Roguevania” hau PC, PS4, Xbox One, Switch, Android eta iOSen kaleratu dute.
Iruzkinak