EA Motive-ko garatzaileek arte atalean ardaztutako bideoa prestatu dute. PC-ra zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletara helduko da.

Dead Space originala da, ziur asko, beldurrezko bideojokoen frankizia modernoetatik jokalarien artean maitatuena. Horren erakusgarri da 2008. urtean estreinatutako titulua berregiten ari direla Electronic Arts-ekoak: remakea 2023ko urtarrilaren 27an estreinatuko dutela baieztatu dute azken bideo batekin.

Bideo horretan, hain zuzen ere, Mike Yazijian arte zuzendaria eta Roman Campos-Oriola sormen zuzendaria batu dira Philippe Ducharme ekoizlearekin abenturari buruzko xehetasunak eskaintzeko. Oraingoan, arte atalean fokuratu dira. Hiru ardatz dituztela azpimarratu dute: beldurra, murgilketa eta mundu bizia. Frostbite motor grafikoarekin Ishimura espazio ontzia inoiz baino ikaragarriagoa izango da, hori argi dago.

Horiekin batera eraberritutako modeloak —Isaac Clarke protagonistaren aurpegia barne— eta efektu berezi ikusgarriak erakutsi dituzte sakontasunean. Argiztapenari buruz ere aritu dira, nola ez: bideojoko originalen alorrik garrantzitsuena izan zen giro zapaltzailea lortzerako orduan.

Benetako jostagarritasuna ikusteko pixkat gehiago itxaron beharko dute zaleek. Arduradunek agindu dutenez, urrian zabalduko dute lehen gameplay bideoa; orain arte, gaurkoa bezalako bideo txikiak eskaintzen ibili dira, baina urte amaierakoa zerbait handiagoa izatea aurreikusten dute.

Dead Space Remake, beraz, urtarrilaren 27an kaleratuko da. Plataformak ezagutzen ditugu dagoeneko: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series izango dira EAren bideojokoa jasoko dutenak.