Oraindik ofizialki argitaratu gabe, gonbidapen bidez dohainik joka daiteke PCan.

City Never Sleeps deitutako gaurkotze erraldoia estreinatu du Deadlock MOBA tiro jokoak. Valvek tituluaren webgune ofizialean iragarri ditu berritasunak, mota guztietako elementuak inplementatuta.

New York hiriaren eguneratutako bisitariaren gidaren aitzakiarekin, konkistatu beharreko bide (lane) desberdinen nortasunak areagotu, eta itxuraz eraberritu dituzte. Gauza bera gertatzen da bideetatik at dauden barruti bereziekin. Estetikaz gain, antzokian, Chinatown-en, madarikatutako lursailean zein plaza nagusian mamu edo izaki etsai berriak ikusiko ditugu, bakoitza inguruneari lotutakoa izanik. Mekanika sekretuak —adibidez, Chinatownen kanpaiek joko dute jokalariek altxorrak bereganatzen dituzten bitartean, gainerakoak ohartaraziz— eta bestelako xehetasunak prestatu dituzte guneetan, bukatzeko.

Azkar bidaiatzeko haizebideak, arimak eta abileziak lortzeko kaxa bereziak, bizitza berreskuratzeko sagarrak… eta salerosketan ariko den artekaria aurkeztu dituzte, baita. Dendari berriak hobekuntza eta indartzaile esanguratsuak eskainiko ditu soinean daramatzagun objektuentzat, baina bere koxka dauka, ekipamendu berria madarikatuta egongo baita. Ez omen dugu egunero aurkituko, joan-etorriak eginda. Denda arrunterako berrikuntzak datoz, baita, objektu ezagunenak bilatzeko edo iragazkiak erabiltzeko aukerarekin.

Noski, jokalarientzat elementurik garrantzitsuena pertsonaiak dira, eta adabakiak asko dakartza: sei heroi, zehazki. Nurse Harrow, Rat King, Solomon, Deadman Danny, Baba eta Violet dira, bakoitza berezko itxurarekin eta abilezia bereziekin. Aurreko Old Gods, New Blood gaurkotzearekin egin zuten bezalaxe, jokalariek hautatuko dute hauek jokora gaineratzeko ordena, itxarongelan bozkatuta: erronka bereziak beteta, gure botoek indar gehiago eduki ditzakete.

Interfazean ere berrikuntza esanguratsuak ikusiko ditugu, bizitza barraren itxuratik hasita, estatistiken zein HUD interfazearen funtzionamendua guztiz berriztatuta. Jazoeren jarioa ere aldatu da, partidetako informazioa ulerterrazagoa izan dadin, eta jokalarien arteko komunikazioa hobetzeko denetariko ikurrak gehitu dituzte.

Irisgarritasun funtzionalitateak, entrenatzeko ezaugarri berriak, aukera orokor zaharberrituak, hobetutako anti-cheat sistema nahiz Source 2ren eguneratzea… Aldaketen zerrenda amaiezina da, urtarrilean kaleratutako eguneratzetik hona lanean gogor ibili direla erakutsita.

 

Baina… zer demontre da Deadlock?

Nola Valvek joko berria estreinatu duela? Askok galdetuko duzue hori, eta egoera pixkat bitxia dela aitortu beharra dago: Deadlock ez da oraindik estreinatu, ezta, berez, ofizialki iragarri ere, baina Steamen aurki dezakegu aurretiazko sarbidean edo alfa fasean.

Komunitatearen artean pixkanaka hedatzen joan den ezkutuko titulua izan da; jokalariek elkarri gonbidatzeko aukera dagoenez, azkar batean ezagutarazten joan da, egun, aldibereko 228.000 jokalarien mugarria gaindituta.

Hirugarren pertsonako tiro jokoen eta MOBA tituluen ezaugarriak biltzen ditu. Bi talde elkarren aurka ariko dira, hiriko bide desberdinak menperatu nahian, askotariko abileziak, indarguneak eta ahulguneak dituzten heroiak kontrolatuta. Deadlockek ez dauka 1.0 bertsiorako kaleratze datarik oraingoz. PCan joka dezakegu Steam plataformaren bitartez, gonbita lortzen badugu… baina ez da zaila izango.