Hideo Kojima zuzendariaren azken jokoa lehen aldiz iritsi da Xboxera. Hobetutako bertsioa 19,99 eurotan merkaturatu dute.

Ezustean, inolako abisurik eman gabe iritsi da Death Stranding: Director’s Cut Xboxera. Xbox Series X eta S kontsoletan estreinatu berri da Kojima Productions taldearen titulua.

Hobetutako bertsioa da jasotakoa: jatorriz PlayStation 5ean 2021ean kaleratutako Director’s Cut edizioak eduki berriak dakartza, baita jokagarritasun aldaketak —arma, tresna eta ibilgailu berriak erabil ditzakegu— zein atal grafiko ederragoa ere.

Sam Porter Bridges mezularian bilakatuko gara, hondatutako AEBetatik denetariko fardelak eta paketeak garraiatzeko. Apokalipsi ondorengo mundua zeharkatzea ez da erraza izango, hori bai: inguruneari aurre egiteaz gain, bestelako etsaiak eta misterioak aurkituko ditu Norman Reedus aktoreak bizitza emandako protagonistak bere ibilaldietan.

Sareko ezaugarriak nabarmentzekoak dira; izan ere, gainerako jokalariekin modu berezian konektatzeko eta partekatzeko elementuak aurkezten dizkigu jokoak. Modu horretara, beste batzuen odisea luzeak errazteko ahalmena daukagu.

Hideo Kojima zuzendaria harro agertu da sare sozialetan bere azken jokoa Xboxera eramatea lortzeagatik: “Kojima Productionsek mundu osoko jokalari gehiago konektatzen jarraituko du, adi egon, beraz”. Dirudienez, Death Stranding markaren jabetza osoa edukitzera igaro da Kojima.

Promozio bereziarekin iritsi da Microsoft-en gailuetara: 19,99 eurotan eros dezakegu une honetan. Epemuga dauka, tamalez, eta egun batzuk barru 39,99 eurotan saltzen hasiko dira.

Death Stranding: Director’s Cut Xbox Series kontsoletan ez ezik, Steam plataforman ere azaldu da. Orain arte PCko jokalariek Epic Game Store bidez soilik eskura zezaketen behin betiko bertsioa —are gehiago, bertan oparitu izan dute eta guzti—. Gaurtik aurrera Valve-koen etxean ere eros daiteke.

 

Hondartzara, datorren urtean

Bitartean, Kojimaren taldekoek Death Stranding 2 On the Beach jarraipena garatzen dihardute. Lehen jokoan ikusitakoak handitzeko eta hedatzeko helburua daukate, atal grafiko benetan aipagarria eratuta, bide batez.

Datorren urtean estreinatuko da, printzipioz, PlayStation 5 kontsolan.

Death Stranding baino gehiago dauka Kojimak esku artean. Joan den urte bukaeran OD izeneko beldurrezko abentura aurkeztu zuen: printzipioz, Xboxeko esklusiboa izango da.