Xbox Game Pass bidez jokatu ahalko da. Arkane Studios-en immersive sim berezia PlayStation 5-ean eta PC-an estreinatu zen iaz.

Xboxekoen Tokyo Game Show azokako aurkezpeneko izarra izan da Deathloop. Arkane Studiosen eta Bethesda-ren bideojokoa Microsoft-en kontsoletatik kanpo geratu zen; zorionez, hori aldatu egingo da, irailaren 20ean Xbox Series kontsoletan kaleratuko dela baieztatu baitute.

Berria ez da inolako ezustea izan: atzo bertan Xboxen saltoki digitalean azaldu zitzaien immersive sim abentura hau zenbait erabiltzaileri. Bestela ere, Deathloop noizbait Xboxera iristea aurreikustekoa zen: Microsoftek Bethesda 7,5 bilioi dolarren truke erosi zuen 2020an. Orain arte heldu ez bada, bereganatzearen aurretik PlayStation-ek Bethesdarekin egindako akordioaren ondorioz izan da.

Denbora ziklo amaigabea proposatzen ditu Arkanen lanak. Colt protagonistaren rola hartuta, Blackreef irlatik ihes egiteko bidea aurkitzea izango da jokalarien helburu nagusia. Horretarako, baina, egun bakarra izango dute: epe horretan zortzi helburu akatu beharko dituzte.

Hori betetzea ezinezkoa izango da lehenengo partidan, edo bigarrenean; zorionez edo zoritxarrez, hiltzen gaituzten bakoitzean egunaren hasierara itzuliko gara. Hori bai, lortutako informazioa zein arma eta abilezia zehatz batzuk mantenduko ditugu. Horrela, partida bakoitzean geroz eta indartsuagoak zein jakintsuagoak izango gara.

Xboxeko bertsioak orain arteko eduki gehigarri guztiak jasoko ditu, nola ez. Are garrantzitsuago, Xbox Game Passera iritsiko dela agindu dute arduradunek: Bethesdarekin gainerako jokoekin gauza bera gertatu denez, ez da harritzekoa.

Aipatu modura, Deathloop irailaren 20an estreinatuko da Xbox Series X zein Series S kontsoletan.