The Line Studio abentura odoltsua bezain xarmagarria eratzen ari da. Ez dauka kaleratze datarik.

Deaths of Peck plataforma abentura aurkeztu du The Line Studio indie taldeak. Hilezkortasuna lortu duen iratxo txikia gidatuta, jokalariak erronka desberdinak gainditzera eramango dituen bi dimentsioko obra izango da.

Peck izango gara: bere adiskideak orkoengandik salbatzea helburu duen izakitxoa. Madarikazio baten ondoren hilezkortasunaren boterea lortuta, oztopoz betetako ziegetan barneratuko gara.

Jokoak Super Meat Boy eta Wario Land 2 zein 3 maitatuetako ideiak hartzen dituela esan daiteke. Jauzika eta hormetatik erreboteka ariko garela ikus daiteke bideoan; tartean, aizto erraldoiak, mailuak eta bestelako objektu hilgarriak saihestu beharko ditugu… baina, lasai, hilezinak gara-eta.

Botere horrekin, bizitza galdu beharrean, transformatu egingo gara. Wariok bere jokoetan egin bezala, kolpe desberdinekin botere edo itxura anitzak hartuko ditugu: mailuak zanpatuta, txoko txikietatik igaro daitekeen edo errailak zeharka ditzakeen masa odoltsu bilakatuko gara, esaterako; su hartuz gero, ziztu bizian lasterka ariko den su bola izango da Peck. Protagonistak kaioletan harrapatuta dauden gainerako iratxoak erreskatatu, eta mailak bukatu beharko ditu.

Proposamenak sinplea bezain dibertigarria badirudi ere, jokoaren atal estetikoak harrapatu gaituela azpimarratu beharra dago. Eskuz marraztutako pertsonaiak eta inguruneak aurkezten ditu Deaths of Peck: bizitzaz betetako animazio dibertigarriez nahiz koloretsuez gozatuko dugu. Ez da gutxiagorako, taldearen lehen jokoa izan arren, aldez aurretik animazio proiektu ederretan lan egindakoa baita The Line: are gehiago, protagonista The Hundred Deaths of Peck laburrarekin ezagutu genuen orain urte batzuk.

Ez daukagu Deaths of Peckentzako kaleratze datarik, baina “laster” argitaratuko dutela diote. Oraingoz, behintzat, PCan baino ez da estreinatuko.