PlayStation 5a etzi merkaturatuko den arren, bideojokoa dagoeneko kaleratu dute Sonykoek.

Soulsborne jokoak Dark Soulsengatik lortu zuten arrakasta. Horren aurretik guztia hasi zuen abentura ezezaguna da askorentzat, baina PlayStation 5aren estreinatzearekin batera hori aldatzera doa. Demon’s Soulsen remakea dagoeneko argitaratu da nazioarteko saltokietan, Sonyren kontsola berriarekin berbera gertatu ez den arren.

Hori ospatzeko eta zaleen gogoak berotzen joateko asmoz, Sonyk From Softwaren eta Bluepoint Gamesen abenturaren irteera trailerra zabaldu du sareetan. Ohikoa izaten den modura era guztietako spoilerrak ikusi ahal dira bertan: kokaleku desberdinetatik hasita askotariko etsai nagusiak agertzen dira bideoan.

Irteera trailerraz gain Demon’s Soulsi zuzendutako hamabi minutu irauten duen State of Play bideoa ere argitaratu dute; hau da, Nintendo Directen Sonyren formatu propioa. Bertan bideojokoaren lehen gune handiko lehen pausoak azaltzen ditu Gavin Moore bideojokoaren sormen zuzendariak.

Kanpoalde berria, barruak mantenduz

Remakeak jokoaren atal grafikoa guztiz eraberritzeko balio izan du. Ahaztu PS3rako 2009an argitaratutako jokoaren itxuraz: belaunaldi berriko lehen jokoetatik grafiko txundigarrienak izatea lortu dute Bluepoint Gamesekoek. 4K-ko bereizmen dinamikoarekin eta 60 irudi segundoko tasara (errendimendu moduan jokatuz gero) Demon’s Soulsek itxura ikaragarria dauka.

Hala ere, jatorrizko jokoaren zaleek pozik egoteko arrazoiak dituzte. Moorek zehazten duenez From Softwaren kodeaz baliatu dira abentura eraberritzerako orduan. Zer esan nahi du horrek? Jokalariaren pertsonaiak zein arerioek modelo eta animazio guztiz berriak dituzten arren, horiek orain 11 urteko kode berbera erabilita mugitzen direla: DeS orijinala buruz ezagutzen dutenek jokoak berdin funtzionatuko dela ikusiko dute, jostagarritasunean aldaketarik izan gabe. Bluepointekoek From Softwaren obrak izandako mekanikak errespetatzeko lan adierazgarria egin dutela dirudi.

Etsai nagusiak eta tresna bereziak

Aurreko bideoekin batera jokoaren erronkarik latzenetakoak izango direnem aurrerapen txikia ere erakutsi dute: Armor Spider eta Flamelurker arerio nagusien aurkako borrokak dira, zehazki, bideoan agertzen direnak. Hauek Stonefang Tunnel kokalekuan aurkitzeko dauden etsai nagusiak izango dira.

Bukatzeko, goitik behera eraberritutako obra izango denez, oinarrizko ezaugarriak berriztatzeko aprobetxatu dute arduradunek, pertsonaiak sortzeko tresnatik hasita. Sormen zuzendariak PlayStation Blogean jakitera eman duenez tresna berriak 16 milioi aukera ezberdin eskainiko ditu jokalariek Boletarian biziko duten abentura gainditzeko erabiliko duten pertsonaia sortzerakoan. “PS3ko bideojokoan baino pertsonalizazio aukera gehiago gehitu ditugu”, adierazi du Moorek. “Aukera guztiak frogatzea gustoko duten horiek pozik geratzeko behar beste ezaugarri prestatu ditugu”.

Fisiko nabarmengarriagoa edukitzeko arrazoi nagusietako multijokalaria dela aldarrikatu du sormen zuzendariak. Izan ere, remakean sei jokalarik parte hartu ahalko dute partida berberan. Hori dela eta, “besteengandik desberdintzea are garrantzitsuagoa” izango da.

Sortutako pertsonaiak behar bezala erakusteko bide bezala argazkiak ateratzeko modu guztiz berrian lan egin dute gainera. Modu horretan kaskoak eta armak kendu edo jartzeko aukera egongo da une bereziak harrapatzea errazteko. Ez hori bakarrik, irudian paisaia soilik agertzea bilatuz gero pertsonaia ezabatu ahalko dela aipatu du Moorek.

Ezaugarri desberdinak doitu, zooma erabili, iragazki desberdinak aukeratu eta beste hainbat aukera desberdinen artean jolastu ahalko da argazkiak ateratzerakoan. Iragazki bereziak jokatzeko unean ere erabili daitezke: horien artean jatorrizko bideojokoaren koloreak, kontrastea eta argia gogora ekarriko dituen iragazkia sortu dute.

Bideo eta artikuluekin batera hasiberrientzako gida txikia idatzi dute PlayStationen webgunean.

Esan bezala, Demon’s Souls dagoeneko eskuratu daiteke saltoki europearretan. Dena dela, PlayStation 5erako joko esklusiboa izanik kontsola merkaturatu arte itxaron beharko da jokatzeko: etzira arte, hain zuzen ere.