Super Nintendoren sekretu ilunena.
Joko berria abiatu eta pantaila osoa suak irensten du. Su-turrusta amaigabearen atzean infernutik bertatik irtendako munstroaren silueta agertzen da. Sugarrak odolaren kolorea hartzen hasten dira, eta, bat-batean, txerrenak hegalak irekitzen ditu, sutan titulua zizelkatzen delarik: DEMON'S CREST.
Deabruak begiak ireki, eta bere irribarre makurra eskaintzen dio hona bizirik iritsi denari. Start sakatzera ausartuz gero, ikara sortu berri duen deabrua, burezurrez jositako gela erraldoian agertuko da, bere bisitariaren zain. Ate ezinezko baten atzetik, egundoko zonbi dragoiak Firebrand deabrua agurtuko du bere orro zakarrenarekin. Orain, infernuko izakiaren kontrola jokalariaren esku dago. Zorte on.
Adierazpenik gabe, agintea nola erabili jakin gabe, inoiz bizi izan dudan sarrera Heavy Metaleroenarekin ematen zaio hasiera Demon's Crest jokoari. Niri gustatzen zaidan bezala. Jokoarekin zalantzarik? Eskuliburua irakurri. Utzi galderak txotxoloak albo batera, infernuko munstroen amaiera izatera etorri gara hona. Joko serioa da hau.
Start botoiari hain azkar sakatu ez banio, istorioaz jabetuko nintzatekeen. Ez da best sellerrak idazteko hainakoa, baina aurkezpena oso ona da. Ghost and Goblins seriearen spin-off bat izan arren, tonu askoz serioagoz jantzi da software hau, eta bikain geratzen zaio. Laburbilduz, borroka latz baten ondoren lortutako botere-armarri batzuk lapurtu dizkigute, zaurituta ginela. Orain, berriro berreskuratu behar ditugu. Infernuan ere, ohorerik ez dago antza. Nork esango zukeen.
Deabruen mundua ederra da, bere modura.
Titulua mugimendu horizontaleko akzio jokoa da. Castlevania sagaren antzerakoa, alderatzerik behar duenarentzat. Firebrand deabruak suzko jaurtikariak bota ditzake, salto eta planeatu, baita paretatara heldu ere. Pantailak pasa ahala, botere berriak lortzeko gaitasuna izango du. Jaurtikari berriak alde batetik eta formaz aldatzeko aukera bestetik. Forma ezberdinak oso interesgarriak dira, eta jokoan aurrera egiteko balio dute. Hala nola, oztopo handiak suntsitu, aske hegan egin eta uretan igeri egiteko aukera emango digute. Pantaila ezberdinak ongi mihatu beharko dira, bertan osasun puntuak hobetzeko objektuak ongi ezkutatuta baitaude.
Lehenengo pantaila gailentzerakoan, mode 7 mapa batean mugitzeko aukera egongo da, hemendik, pantaila berrietara sartzeko aukera dagoelarik. Askotan ez dago oso argi zer bisitatu daitekeen eta zer ez. Batzuetan aintzira batean mundu oso bat dago, besteetan apaingarriak besterik ez dira, adibidez. Dena den, mundua ez da oso handia, erraza da nabigatzeko. Edozein unetan, amaierako nagusia dagoen gotorlekura joan daiteke.
Jokoko botere-armarri guztiak izan ezean ordea, ezingo da benetako nagusiarekin borrokatu... eta benetako amaiera ikusi. Nik neuk egin bezala, noski. Nire tamainako gamer bat ez da deabru pare batekin kikilduko, eta Firebrand bere benetako amaierara eraman nuen, inork zalantzarik baleuka. Afera zaila izan dela esan beharra daukat, ordea. Jokoa zertxobat zail hasten da. Firebrandek ez dauka bizitza askorik, eta kontrolak oso ongi erantzuten duen arren, Castlevaniako Belmontdar askok bezala, ez daukate mugikortasun handirik.
Infernuko protagonista oso motela da, eta ez dauka ganorazko jaurtikaririk. Azkena botatako jaurtikaria desagertu ezean, ezin da berririk jaurti. Niretzat ez da alderdi negatiboa, joko guztiek ez dute Contra-ren edo Donkey Kong-en mugikortasun askea eduki behar, eta, edukiko balu, ez litzateke horren dibertigarria izango kasu honetan. Gauza da, askotan etsaiak sahiestea ezinezkoa dela, eta hasierako osasun urritasunak bizitza behin eta berriro galtzera eramaten duela.
Zorionez, jarraitze amaigabeak dauzka. Alderdi txarra badu, ordea. Osasun puntu asko bildu ditudanean, geldiezina bihurtu naiz. Honi, dendatan erosi daitezkeen edabe bizitza betegarriak gehituta, jokoaren zailtasuna gehiegi murrizten dutela uste dut. Amaierara arte, behintzat. Azken nagusiak bi fase dauzka, zein baino zein ankerragoa. Ez naiz estrategia irabazlerik arrazoitzeko gai izan. Nik hari, hark niri baino kalte gehiago sortzea besterik ez zait otu. Zati hau, SNES kontsolan garaitu dudan proba zailena izan da. Zalantzarik gabe.
Hegan egiteak gauzak asko erraztuko ditu.
Demon's Crest-en aurkezpena bikaina da. Capcom-ek 1994ko amaieran argitaratu zuen, eta antzematen zaio. Pixel artea kalitate gorenekoa da. Zalantzarik ez dago, pantailan ikusten dena zer den jakiteko. Kolorearen erabilera ere apartekoa da. Pantailatik gertu dagoenak kolore biziagoak dauzka atzealdean irudikatu nahi direnak baino. Guzti honi paralax-scroll itzela gehituta, sakontasunaren ilusio paregabea eskaintzen du. Batzuetan SNESean aritu beharrean, arkade kontsola boteretsuago bateko joko batera jostatzen ari zaidala iruditu zait.
Artearen zuzendaritza ere apartekoa da. Toki guztiak xehetasunez beteta daude, plazerra da infernuko osteak halako parajeetan birrintzea. Alderdi teknikoaren inguruan, ezin dut gauza txarrik esan. Musika banda ere aipatzekoa da. Ez dakit nola deskribatu, musikan ez bait naiz aditua. Ganondorf-ek eta Drakula-k duetoan, Alemaniako Donezteberen katedralean kontzertu bat jo balute bezala entzuten da. Musikak, akzio eta misterio kutsuak dauzka, gehienetan organo elektronikoak melodiaren pisu handiena duelarik. Aproposa baino aproposagoa.
Etsai nagusiak askotarikoak izango dira. Gure tamainako arerioak batzuetan, pantaila erdia beteko dutenak besteetan.
Jokoak zailtasunarekin dituen arazoez gain, bere alderdi negatiboena egin beharrekoa aurkitzea da. Mapan ez dira toki ezberdinak argi ageri, eta jokoak berak ez du nora joan esaten batere laguntzen. Honek, jokoa gailentzeko denbora artifizialki gehitzen du. Une askotan galduta sentitu naiz, alde batetik bestera, norabiderik gabe. Dena den, ez da oso joko luzea. Nora joan jakinda, bostpasei orduko abentura da. Harrigarria deritzot, nola SNESerako joko onenen zerrenda askotan ez den agertzen. Ez nuke kontsolarako gailurreko jokoen parean jarriko, baina top 50 askotan aipatu ere ez da egiten eta kriminala iruditzen zait.
Zurrumuru dezente bada joko honen inguruan. Bere garaian gaizki saldu omen zuela eta salmenta une batetan zenbaki negatiboak omen zituela, jende askok jokoa itzuli omen zuelako. Nintendo Power aldizkariaren 100. zenbakian aurkitu dut. Egia esan, ez dakit sinestu ala ez. 1997ko aldizkaria da, 1994ko kontuak aipatzen. Garai hartan bideojokoen aurkako kanpaina handia zegoen ikusentzunezkoen eskutik, eta deabrua bera kaxaren ilustrazioan irudikatuta egoteak kalte egingo zion agian. Ez dut uste jokoa txarregia edo zailegia izateagatik itzuli zutenik. Baieztapen hau egia bada sikiera. Demon's Crest jostatu. Merezi du-eta.
Iruzkinak