Egoera desberdinetara egokitzeko prest dagoen mando modularra da. Udazkenean merkaturatuko dute Xbox-en eta PC-an.

Bideojokoen munduak irisgarritasuna areagotuz gure zaletasunaz gozatzeko bide berriak eskaintzen jarraitzen du. Microsoftek Proteus proiektua aurkeztu du: desgaitasunak dituzten jokalariei zuzendutako aginte berezia da.

Itxura bereziaren atzean era guztietako eskuetara egokitzeko aproposa den aginte modularra daukagu. Kuboz osatutako mandoak plakak txertatzeko aukera dauka: hauetan dauden palanka eta botoi desberdinak nahi bezala molda ditzakegu ahalik eta modurik erosoenean jokatzeko. Esku bakarrarekin aritzea posible da, nahi izanez gero.

Mandoa eraldatzeko aukerarekin batera, bere botoi guztiak birmapeatzekoa daukagu. Agintearekin batera estreinatuko den aplikazioari esker egingo dugu, askatasun osoa eskainiz. 100 bat konfigurazio desberdin presta daitezkeela diote egileek.

Xbox kontsoletarako balioko digu, baita PCrako ere. Agintea sortzerakoan Byowave taldearekin elkartu dira Microsoftekoak: hauen webgune bidez eros daiteke, baina udazkenean merkaturatzeko asmoa daukate.

Ez da Xboxek jasotzen duen lehen aginte berezia. Xbox Adaptive Controller mandoa kaleratu zuten 2018an: antzeko premisa jarraitzen du, edozein jokalariren eskuetara egokitzeko beste periferiko batzuk gehituz. Adaptative Controllerra eguneratzen jarraituko dutela aldarrikatu dute Xboxekoek.

PlayStation-ek ere bide berbera jarraitu zuen iaz Access agintearekin. Pertsonalizazioa da gakoa berriz, botoiak disko itxurako agintean nahi bezala ezartzeko gaitasunarekin, baita palankaren kokalekua aldatzekoa ere.