Ekainaren 9an iritsiko da azken eduki gehigarria: doan jasoko dute jokalariek. Bloomberg agerkariaren arabera, ez dira Destiny 3ren garapenarekin hasi.
Bungie enpresak Destiny 2ren eduki gehigarrien garapena gelditu du. Webgune ofizialean argitaratutako prentsa oharraren bitartez eman dute berria.
“Amaiera oro hasiera berri bat da”, diote: “Hamabi urtez Destinyren unibertsoa zuokin guztiokin esploratzeko poza eta ohorea eduki ditugu”. 2017ko irailean estreinatu zen tiro joko multijokalariaren bigarren atal arrakastatsua; ordu hartatik, dozenaka eguneraketa, espantsio eta eduki gehigarri gaineratu dizkiote —tartean, kaleratutako eduki batzuk desagerraraziz: istorioaren lehen atalak, adibidez—.
Azkena, hain zuzen, ekainaren 9an estreinatuko da: Monument of Triumph izenarekin, Destiny 2ren esperientziak batzeko balioko duela adierazi dute egileek.
Horren ostean, zalantzak baino ez. “Bungierentzako hasiera berrian fokuratzen” dabiltzala diote, baina xehetasunik eman gabe. Une honetan Marathon berriaren denboraldiak eta edukiak garatzen dihardute, baina, noski, zaleak Destiny 3ren zain daude.
Kaleratzeak
Jason Schreier Bloomberg atariko kazetariak aurreratu duenez, estudioak ez daki nondik jarraituko duen. Une honetan ez omen daukate Destinyren hirugarren atalarekin hasteko asmorik; kontrara, kaleratzeak datozela dirudi. Ez dira lehenak: 2023ko urrian nahiz 2024ko uztailean berregituraketa handiak jasan zituen estudioak.
Sony Interactive Entertainment-ek, hau da, PlayStation-ek, 2022an Bungie erosi zuen. Hala eta guztiz ere, independentzia pixkat mantendu zuten, PlayStation Studios taldetik kanpo geratuta eta plataforma desberdinetarako bideojokoak eta edukiak kaleratzen jarraituta.
Lander Unzueta
Iruzkinak