Apirilaren 3an hasiko dira Dante Sparda deabru ehiztariaren abentura berriak. DMC3ren mangan oinarrituko da telesaila.
Capcom japoniarraren Devil May Cry saga ezagunak anime berria jasoko du —2007an ikusi genuen lehena— Netflixen eskutik. Ez hori bakarrik: Pantailak Euskaraz ekimenekoek jakinarazi digutenez, euskaraz azpititulatuta gozatzeko aukera edukiko dugu zale euskaldunok.
Apirilaren 3an abiatuko dira akzioz betetako deabru ehizak. Castlevania ospetsuan oinarritutako telesaila prestatzeaz arduratu zen Adi Shankar da sortzailea; hori horrela, Dante Spardaren abenturetan oinarritutako, baina aldaketa esanguratsuak dituen animea izango da Netflixekoa.
Hasteko eta behin, bideojokoetan kontatu gabeko istorioa aurkeztuko zaigu: Devil May Cry 3k jasotako manga laburreko ideiak hartuko ditu animeak —untxi zuria da bilauetako bat—. Hori dela-eta, jokoan agertutakoak baino lehenago jazotakoak azalduko zaizkigu.
Danterekin batera, bideojokoetako zenbait etsai ezagun ikusiko ditugu animean: Agni eta Rudra, Cavaliere Angelo edo Echidna ageri dira, esaterako, trailerretan. Vergil anaiarekin topo egingo du, nola ez, Dantek, eta Lady adiskidea ere pasako da telesailetik.
Esan bezala, bikoiztuta ez, baina euskaraz azpititulatuta estreinako da Devil May Cry Netflix bidez apirilaren 3an.
Iruzkinak