Summer Game Fest zein Day of the Devs zuzenekoak ikusiko ditugu aurretik.

Udako aurkezpenen artean enpresa handienak ez ezik, argitaletxe edo elkarte txikiagoenak ere ikusi ohi ditugu. Horixe da Devolver Digitalen kasua; aurten errepikatuko dutela jakin genuen duela gutxi, eta orain eguna ofizialki baieztatu dute: Devolver Direct zuzenekoa ekainaren 9an egingo da.

00:00etan hasiko da indie argitaletxearen ekitaldia; YouTube kate ofizialetik jarraitu ahalko da. Ez dute iraupenik zehaztu, baina normalean ez dira luzeegiak izaten.

Bideojokozaleen urteko ekimenik gogokoenetakoa da, bai bertan erakusten dituzten bideojokoengatik, bai zuzenekoaren formatu eroagatik. Aurten ere hori mantenduko dutela dirudi: ekitaldia iragartzeko Volvy maskotaren “itzulera” aditzera eman dute. Orain arte existitzen ez zen pertsonaia, noski.

Iaz, esate baterako, The Plucky Squire, Skate Story, Anger Foot eta Cult of the Lamb tituluak bildu zituzten aurkezpenerako. Hori horrela, aurten ere antzeko eskaintza edukitzea aurreikusten da.

 

Aurkezpen handien hilabetea

Devolver Directa Geoff Keighley kazetariak gidatutako Summer Game Fest ekimenaren aterpean eta babespean egingo da. Aurretik, baina, Keighleyk bestelako ekimenak prestatu dituela azpimarratu beharra dago.

Izan ere, ekainaren 8an Summer Game Festaren aurkezpen handia egingo dute: The Game Awards-ekoen YouTube katetik jarraitu ahalko da 21:00etatik aurrera. Bertan, beti bezala, denetariko bideojokoak espero dira: hautagairik azpimarragarrienetakoa Elden Ring-en Shadow of the Erdtree espantsioa da.

Jarraian Day of the Devs zuzenekoa izango dugu. Double Fine eta iaam8bit estudioek elkarlanean prestatutako proposamenak indie bideojokoak ditu hizpide. Kasu honetan ere Game Awardsen katean emango dute, 23:00etatik aurrera. Probetxuzko gaua izango da bideojokozaleentzat, hortaz.

Bideojokoen festak hurrengo egunetan jarraituko du, hori bai. Ekainaren 9an Tribeca Games Spotlight emango dute; obra atseginak ardatz dituen Wholesome Direct ekimena ekainaren 10ean egingo da; jokalarien begirada guztiak erakarriko dituzten Xbox Game Showcase zein Starfield Direct zuzenekoak ekainaren 11rako aurreikusita daude; bukatzeko, Ubisoft-ekoen Forward aurkezpena ekainaren 12an egingo da.