Deabruak menperatutako mundura eramango gaitu. Deabru ehiztaria, monjea eta izurri zalduna dira aurkeztutako pertsonaia motak.
Blizzard Entertainment-ek Diablo V aurkeztu du. ARPG frankiziaren atal berria 2029ko udaberrian kaleratzeko asmoa dago.
BlizzCon 26 azokan aurrerapen trailer motzarekin aditzera eman dute bosgarrena. Sanctuary menperatuta, eta mundua Diablok konkistatuta: horrela hasiko da abentura berria. Westmarch-eko oinordekoaren rola jokatuko dute jokalariek, eraldatutako mundu desegonkorran zehar borrokan aritzeko.
Hau zeharkatzerakoan aliatuz osatutako karabana eratzea izango da gakoa, “errepidea izango baita gure etxea”. Kideok dendari gisa funtzionatuko dute, esaterako, istorioak kontatzen eta misioak eskaintzen aritzeaz gain.
Heroiei dagokienez, lehen hiru pertsonaia motak aurkeztu dituzte egileek: Deabru ehiztaria, monjea eta izurri zalduna dira. Objektuekin pertsonaiak nahi bezala atontzerako orduan, inspirazio iturri nagusia Diablo II dela diote, estatistika baldintzak dituzten armadurekin edo inbentario eremu handiagoak hartuko dituzten baliabideekin.
Diablo Ven garapena hasi baino ez da egin, argi dioten bezalaxe. Datorren urtetik aurrera garapen prozesuaren eguneraketak eskainiko dituzte egileek. 2029ko udaberrian ikusiko dugu, dena ondo badoa, oraindik finkatu gabeko gailuetan.
Diablo IV: Age of Hatred Collection, bihar, Switch 2 kontsolara
Bosgarrenaren iragarpenarekin laugarrena eta bere eduki gehigarriak alboratu dituztela pentsa dezakegu. Hala eta guztiz ere, Switch 2 erabiltzaileek behin betiko bertsioa jasoko dute, Diablo IV: Age of Hatred Collection izenarekin.
Bihar bertan estreinatuko da Nintendo-ren gailu hibridoan, oinarrizko Diablo IV nahiz Vessel of Hatred eta Lord of Hatred espantsioak batuta, baita bestelako eduki gehigarriak ere.
Zoritxarrez, bertsio fisikoak ez du kartutxorik ekarriko, ezta kodea dakarren kartutxorik ere; horren ordez, Blizzardekoek kode digital hutsa eskainiko dute kaxa barruan.

Lander Unzueta
Iruzkinak