Bandai Namco-k 2019. urtean kaleratzeko asmoa zuen hasiera batean. RPG taktikoa eta nobela bisuala bilduko ditu abenturak Digimon munstroekin batera.

Digimon frankiziaren bideojokozaleek albiste txarrak jasotzen dabiltza behin eta berriro. Bandai Namco eta Witchcraft estudioa prestatzen ari diren Digimon Survive beste batez berandutu dute: 2022an estreinatuko dutela baieztatu dute.

Habu Kazumasa jokoaren ekoizleak berria sare sozialetatik zabaldu du: “gure jatorrizko helburua Digimon Survive 2021ean kaleratzea bazen ere, garapenerako denbora gehiago beharragatik 2022ra atzeratu dugu”, adierazi du mezuan. “Erabakia erraza izan ez den arren, jokoaren kalitatea areagotzeko erabiliko dugu denbora gehigarria”.

Ekoizleak 2021erako argitaratze data aipatzen duen arren, Survive behin baino gehiagotan geroratu dute Bandai Namcokoek: hasieran 2019an kaleratzeko asmoa zuten, 2020ra berandutu zuten ondoren, eta azkenik beste bi berandutze jaso ditu abenturak. “Garapen taldea oso gogor ari da lanean, eta pazientzia edukitzea eskatzen dugu”.

Rol elementuak borroka taktikoekin batuko ditu Survivek, eta horrez gain nobela bisuala ere izango da. Istorio guztiz berria aurkeztuko du, ohiko oinarriak jarraituko dituen arren: udaleku batzuetan bildutako haurrek mundu digitalera bidaiatuko dute jaialdi batean.

2022an PC, PS4, Xbox One eta Switch kontsoletara helduko da Digimon Survive.