Uztailaren 29an estreinatuko da munstro digitalen abentura desiratua: Kontsoletara zein PC-ra helduko da.

Digimon zaleen kopurua ez da agian Pokémon zaleena bestekoa. Dena den, munstro digitalen frankizia beteranoak milaka jarratzaile edukitzen jarraitzen du. Horren erakusgarri da, adibidez, Digimon Survive bideojokoaren zain dagoen zale multzoa; horiek pozik geratzeko tituluaren bideo berria argitaratu dute Bandai Namco-ko arduradunek.

Obra jarraitu dutenek ondo jakingo dute zer nolakoa den bere proposamen berezia: nobela bisuala izango da genero nagusietako bat, baina RPG taktikoaren elementuak ere bilduko ditu. Modu batera, Final Fantasy Tactics bezalako jokoen oinordekoa izatera dator Agumon eta gainerako piztien lan berria.

Argitaratu berri duten bideoak bi alderdi horiek sakontasunean erakusteko balio izan du; izan ere, nahiz eta 2018an iragarri, ez dugu bere mekanikak ikusteko aukera handirik jaso. Borroketako lauki sare bidezko mugimendua, eraso bereziak, kolpe kritikoak, eta, nola ez, digieboluzioak ikus daitezke ikus-entzunezkoan.

Azken horri lotuta, digimon bakoitzak bere eboluzio zuhaitz propioa edukiko duela azaltzen da: telesailak jarraitzen dituztenek Agumon Greymon-en bilakatzen ikustera ohituta daude, baina hemen argi geratzen da beste transformazio batzuk burutzeko gai izango dela. Adibidez, Tyrannomon ikaragarriak bihurtzen da hemen. Digieboluzionatzerakoan abilezia berriak, estatistika areagotuak eta beste hainbat abantaila jasoko dituzte piztiek. Horrela, borrokekatik garaile ateratzeko gakoetako bat izango da. Oraingoan, 100 bat Digimon ikusiko ditugu.

Nobela bisualaren atalari dagokionez, hizketaldiak izango dira nagusi; halaber, erabakiak hartzeko gaitasuna ere edukiko dugu. Modu horretara, istorioa eraldatzen joango da: ondorio positiboak zein negatiboak ikusiko ditugu. Azpimarratzekoa da oraingo honetan gidoi ilunagoa eta helduagoa landu dutela Bandai Namcokoek. Digimoneko haurrak erabaki eta egoera gogorrak gainditzen ikusi izan ditugu askotan, baina oraingoan beste kutsu bat izango du abenturak.

Esploratzerakoan gune batetik bestera joango gara menuen bitartez. Kokaleku bakoitzean pertsonaia desberdinak, arerioak eta sekretuak aurkituko ditugu. Hori guztia kalitate handiko ilustrazioekin kontatuko dute sortzaileek.

Orain hilabete batzuk iragarri zuten Bandai Namcokoek argitaratze data: uztailaren 29an merkaturatuko dute. Bideo nahiko ezkutu batekin egin zutenez, beste behin baieztatzeko aprobetxatu dute trailer berriarekin —izen hori jarri diote, izan ere, bideoari—. Plataformak ere ezagutzen ditugu: PS4, Xbox One eta Switch kontsoletan nahiz ordenagailuetan jokatu ahalko da.