Jokalariek DRMrik gabe eros ditzakete bideojokoak CD Projekten saltokian. Bethesdak merkealdia hasi du GOGen; igandera arte iraungo du.

Dishonored 1, Dishonored 2 eta bere Death of the Outsider espantsioa, Wolfenstein The New Order eta The Old Blood espantsioa GOG saltoki digitalean argitaratu ditu Bethesdak.

Jokoen etorreragaz batera Bethesdako jokoen merkealdiari hasiera eman diote GOGen. Aipatutako jokoen bildumek zein bakarkako produktuek ere beherapenak jaso dituzte: Dishonoreden bilduma 20,99 eurora dago; Wolfensteinena berriz, 9,09 eurora. Igandean bukatuko dituzte beherapenak.

Joko indien artean ohikoa da PCrako bertsio digitalak GOGen argitaratzea. Ez da gauza bera gertatzen, baina, enpresa eta sortzaile handien artean; horren zergatia CD Projekten saltokiak DRMekiko duen jarrera da.

GOGen argitaratzen diren bideojokoek ez dute inolako kopien aurkako babesik. Erabiltzaileak erositako jokoen instalatzailea jaitsi dezake, GOGen launcherrarekin ahaztuz eta mugarik gabe erabiliz.

Hori dela eta, bideojoko AAA asko eta asko saltoki horretan argitaratu gabe geratzen dira. Jokaera hori aldatzen joan da azken urteetan; gero eta gehiago dira beraien joko zaharrak GOGen argitaratzera animatzen direnak. Esaterako, aipatutako bideojokoekin batera Bethesdak Doom eta Quake klasikoak edota Fallout eta Elder Scrolls zaharrak ditu salgai GOGen.

Steam eta Epic Game Store DRMrik gabe

Ohikoena ez den arren, Valve eta Epicen saltokiek ere DRM gabeko jokoak argitaratzeko aukera eskaintzen die sortzaileei. Joko horiek saltokien launcherrak erabilita jaitsi ondoren, launcherrak ezabatu eta arazorik gabe jokatzen jarraitzeko aukera ematen dute.

Aukera hor dago, baina hala ere GOGen argitaratzen duten sortzaile askok ez dute DRMrik gabe jokatzeko aukera. GOGek jokalariak erakartzeko bide bezala erabiltzen du 'DRM-Free'-a, baina bere arerio zuzenek ez diote garrantziarik ematen.

GOG hazten doala ikusita, eta saltokiarekiko enpresa handien jarrera hobetzen doala jakinda, agian etorkizun batean gero eta DRM gabeko joko gehiago ikusi ahalko dituzte erabiltzaileek.