Superheroien berpizkundea ikusi dugu azken urteotan. Marvel etxeak ekarri zigun bere unibertso zinematikoarekin, baina komikietako pertsonaiak haratago joan dira, Spider-Man edo Iron Man atzean utzita.

Bideojokoen munduak ez ditu superheroiak alboratu, noski. Pertsonaia ugari ezagutarazteko edo berriz guztion artean kokatzeko balio izan dute, Batman Arkham saga ezagunarekin, esaterako, baita Marvel’s Spider-Man arrakastatsuekin. Adibiderik famatuenak baino ez dira, tartean jatorri anitzeko heroiekin jokatu baitugu.

Manganimearen munduan Boku no Hero Academia bezalakoek begirada guztiak erakartzea lortuta, egunotan Invincible edo The Boys bezalako istorio ilunagoak, odoltsuagoak eta, era batean behintzat, helduagoak dira arrakastatsuenak publiko zabalaren artean.

Horien ildotik jarraitzea erabaki dute AdHoc estudio hasiberriko garatzaileek. Dispatch estreinatu zuten iaz: PCra eta PlayStation 5era iritsi zen lehenik eta behin, urtarrilean Switch 2 eramangarrian kaleratu zuten, eta uda honetan Xbox Series kontsoletan ikusiko dugu. Kaleratu aurretik jokalariak berotuta zituen abentura narratibo interesgarri honek, eta estreinatzerakoan zaleek jarritako helburu guztiak betetzea lortu zuen.

Nondik zetorren horrenbesteko puztutzea? AdHoc berria den arren, Telltale Games estudio beteranoko sortzaile ohiek osatutako taldea da; Dispatchek, gainera, aurrekoen jokoetan ikusitako mekanikak eta ideiak berreskuratzen ditu, oraingoan, istorio interesgarria aurkezteko asmoarekin.

Superheroietara itzulita, hauek normaltasun osoz hartzen dituen mundu alternatiboa aurkezten zaigu Dispatchen. Mundu erreal ‘arrunta’ bada ere —jokoa Los Angeles hiriko Torrance barrutian kokatzen da— heroi hegalariak, ura jaurti dezaketen mutikoak, deabruak, golem-ak edo superbilau arriskutsuak ohikoak dira biztanleen egunerokotasunean. Arestian aipatutako The Boysek edo Invinciblek egin bezala, DC edo Marvel komiki argitaletxeen binetetako pertsonaiarik eta unerik ezagunenak gogora ekartzen dituzten heroiak ikusiko ditugu jokoan: Super Man, Iron Man, Aqua Man edo Flash ospetsuen bertsio alternatiboak direla esan daiteke.

Gure kasuan, Robert Robertson izango gara: Mecha Man, istorio honetako Iron Man edo Batman izango lizatekeena. Superbotererik gabe, baina armadura robotiko erraldoiarekin, gaizkileen aurka diharduen superheroia. Mendeku bidetik hasiko dugu bere istorioa, aita hil zuen Shroud misteriotsuaren bila baitabil Mecha Man.

 

Zer egin, zer esan…

Telltale jokoen zaleek ondo baino hobeto ezagutuko dituzten oinarriak ikusiko ditugu jokatzen hasi bezain laster. Zinematika landuak, Quick Time Event mekanikak eta, garrantzitsuena, epe motzean hartu beharreko erabaki esanguratsuak dira nagusi Robertsonen ibilbidean.

Bideo artean QTE ekintzak burutuz hasiko gara. Oso sinpleak dira, baina abisurik gabe azalduko zaizkigu pantailan: botoi bat zanpatzea, palankak norabide batean sakatzea… Ez dute ekarpen handiegirik egiten, huts egiterakoan aldaketa txikiak baino ez ditugu ikusiko-eta; nahi izanez gero, desaktibatzeko aukera eskaintzen zaigu partida hasterakoan.

Erabakiak hartzen ariko gara ia denbora guztian, baina ez dugu hausnartzeko denbora askorik edukiko.

Lehen eszenak akzioz betetakoak badira ere, laster batean armadura indartsua galdu, eta superheroi gaitasunik gabe geratuko da gure protagonista. Zorionez, bigarren aukera bat eskainiko diote: Superhero Dispatch Network (SDN) enpresan bulegari lanak burutu beharko ditu, jantzia konpontzearen truke.

SDN superheroien larrialdi zerbitzua da: harpidedunek edozein eskaera betetzeko edo larrialdi konpontzeko deiak egin ditzakete, eta bulegotik heroiak bidaltzen dituzte eginkizunari erantzuteko.

 

Dei artean

Une horretan abiatuko da benetako jokoa. Hasteko, lankideekin denetarikoak biziko ditu Robertek: aurpegi ezagunak zein ezezagunak ikusiko ditu, eta gure esku egongo da hauekin sortzen diren harremanak bideratzea erantzunen —edo hauen hutsunearen— bitartez. Pantailan ageriko zaizkigu, bi edo hiru aukera desberdin eskainita, eta azkar hautatu beharko dugu gure erantzuna; berriro, The Walking Dead, The Wolf Among Us edo Tales from the Borderlands jokoetan ikusitakoen oinarriak hartu dituzte egileek.

Robert ordenagailu eta telefono aurrean esertzean iritsiko da bigarren jokagarritasun elementuaren ordua. Larrialdi deien operadore lanak egiten jarriko gara berarekin batera, izan ere: Torrancen mapa txikia agertuko zaigu pantailan, deien kokalekua adierazita. Deiok erantzutea eta larrialdiari aurre egiteko heroiak bidaltzea izango da armadurarik gabeko Mecha Man heroiaren helburu berria.

Zinematika landuak, Quick Time Event mekanikak eta, garrantzitsuena, epe motzean hartu beharreko erabaki esanguratsuak dira nagusi

Deia hartzerakoan —mapan ageri den ikurrean sakatu beharko dugu— larrialdiaren deskribapen motza azalduko zaigu: zer gertatzen den, eta zer behar den arazoari aurre egiteko. Gaizkileak atxilotzea, krimenak ikertzea, iskanbilak baretzea, hitzaldiak ematea, animaliak bilatzea… edo kaiju erraldoien aurka borrokatzea zein erortzean dauden hegazkinak geldiaraztea izango dira, besteak beste, gure superheroi taldearen eguneroko eginbeharrak.

Larrialdiak eskatzen duena irakurrita eta ulertuta, heroien katalogotik egoerara hobekien egokitzen dena hautatu beharko dugu. Horretarako, bere estatistikak kontuan hartu behar dira. Bost estatistika nagusi daude: borroka, sasoia, mugikortasuna, karisma eta adimena, hauek grafiko bat osatzen dutelarik. Horiez gain, superheroi bakoitzaren abilezia bereziak ditugu: batzuek hegan egin dezakete, ikusezin bilakatu, edo beren buruak bikoiztu.

Heroien katalogoa ondo kudeatu beharko dugu larrialdietan.

Hasieran jasoko ditugun deietan heroi bakarra bidaltzea nahikoa denez, arteka bakarra ageriko da aukeratzerakoan. Larrialdiaren arabera, baina, bi, hiru edo lau heroi bidali beharko dira aldi berean… baina gure langileen zerrenda oso mugatua da. Ezingo ditugu nahi beste bidali, bulegotik atera, larrialdiaren kokalekura iritsi, misioa burutu, itzuli, eta atseden hartu beharko baitute. Beraz, estualdirako pertsona aproposa hautatzeaz gain, beste hainbat faktore hartu beharko dira kontuan.

 

Gaiztoak, baina jatorrak

Gatza eta piperra eskaintzeko, gure heroi taldea berezia da… zintzotutako superbilau taldea baita —edo, behintzat, zintzotzera derrigortutakoak—. Phoenix programa bereziko Z taldeaz arduratuko da Robert, eta gaizkile taldeak ez du lan egiteko gogo handirik izango. Misioak gainditzea ez da erraza, baina porrota aldez aurretik etor daiteke.

Zorionez, egoera zuzentzeko laguntzak ditugu. Alde batetik, istorioko uneetan hartutako erabakiek gure lantaldearekin dugun harremana hobetzen lagunduko digute; bestetik, Z taldeko kideen arteko sinergiak hobe daitezke, abileziak indartu, edo hauek entrena ditzakegu hitzaldi berezien bitartez, larrialdiei modu eraginkorragoan —eta egonkorragoan— erantzuteko.

Buztinez osatutako Golem boteretsuaren kasua daukagu, adibidez —Batmanen komikietako Clayface-n oinarritua, argi eta garbi—: geldoa eta boteretsua, bere abileziak indartuz gero bakarka hainbat heroirentzat izan beharko liratekeen erronkak gainditzeko gai da, bere burua zatitzeko ahalmenarekin hutsuneak betez nahiz estatistikak biderkatuz.

Noizean behin, heroiek istiluren batekin topo egingo dute. Gure esku dago zer egin adieraztea: hainbat aukera azalduko zaizkigu, eta, pertsonaien estatistiken arabera egokia hautatuko dugu. Beste batzuetan, hacker minijokoetan parte hartuko dugu, helmugara iristeko pasahitz sinpleak sartu behar izanik.

Gure esku dago taldearekin harreman egokia izatea… edo liskarrak eragitea.

Misio bakoitzarentzako heroi ezin hobea dago, baina ezingo dugu beti hori bidali —edo ez da prest egongo—. Halere, arrakasta eskuratzeko aukera handiak izango ditugu estatistiken arabera. Misioa bukatzean, larrialdiak eskatzen zuen abilezien grafikoa, eta gure heroien gaitasunena alderatuko dira. Fitxa bat mugituko da larrialdiaren gainekoan, eta, geratzen den tokian gure heroiaren ahalmenak sartzen badira, misioa arrakastatsua izango da, heroiari esperientzia eskainita, baita Roberti ere: mailaz igota, estatistiketako bat puntu bakarrean areagotu dezakegu, hurrengo misioak gainditzeko aukerek ere gora eginez.

Hanka sartzen badugu, baina, heroiak zauritzeko aukera dago. Kasu horretan, estatistikak murriztuko zaizkio —bederen, ez badu hori ekiditeko abilezia berezirik—, eta, berriz kale eginez gero, partidatik kanpo geratuko da. Oztopoak ez dira horretara mugatzen; istorioko gertaerekin batera, bajak zein gehitzeak ikusiko ditugu, kudeaketa guztia korapilatuz. Misioaren kutsua dela-eta, zenbaitetan, heroiren batek ez du parte hartu nahiko: esaterako, aldez aurretik ezagutzen duten talde kriminalari aurre egitea egokitzen bazaie.

Gatza eta piperra eskaintzeko, gure heroi taldea berezia da… zintzotutako superbilau taldea baita —edo, behintzat, zintzotzera derrigortutakoak—.

Larrialdien minijokoa benetan sinplea bada ere, oso dibertigarria izatea lortzen du. Uneoro dabiltza gauzak gertatzen pantailak, gure taldearen zein beste pertsonaien arteko hizketaldiak entzungo ditugu, lanaldia korapilatzen duten istiluak ageriko zaizkigu, unerik garrantzitzuenetan zinematikak hasiko dira… Gure plangintza pikutara joan daiteke edozein unetan, baina, partidak narrastu beharrean, bizitzeko balio duten aldaketak dira.

Mekanikak ulerterrazak diren arren, interfazea pixkat aldrebesa iruditu zait behin baino gehiagotan, tamalez: agintearekin jokatzerakoan, ikurrak nabarmendu beharko ditugu horietan sakatzeko, baina sarritan pantaila elementuz beteta ageriko da, eta menuetan guztiz galduta ibiliko gara.

Zelan ez, gidoilariek umore eta satira kutsu nabarmenarekin apaindu dituzte komikietako ohiko egoerak, botereak edo arriskuak. Ikuspegi dibertigarritik lantzen ditu AdHocek, horrenbeste aldiz moldatutako eta errepikatutako oinarria denari freskotasuna erantsita. Nire kasuan, Invincible edo The Boys bezalakoen jazoera ilunekin eta umore zatarrarekin gogaituta nabil azkenaldian: Dispatchen, edo, behintzat, nik egindako ibilbidean, istorio argiagoa eta itxaropentsuagoa aurkeztu didate, nire pozerako.

Gidoia oinarrizkoa bada ere, pertsonaien sakontasun maila eta nortasuna goraipatzekoak dira. Mecha Man pixkanaka irekitzen doan heroia da, nahiz eta txantxa artean hasiko duen abentura; bukaerarako, azkenaldian gidatu dudan protagonistarik onenetakoa iruditu zait, bere alde onekin zein txarrekin. Antzekoa gertatzen da bere lankideekin, bideoetan zein laneko mapan hitz egiten dabiltzala hauek maitatzera ere iritsi baitnaiz.

Bikoizketa maila ikaragarriari eskertu behar zaio hau, gidoilarien lanaz gain. Aktore ezagunek nahiz bideojokoen munduan sarritan entzundako bikoizlariek ematen diete bizitza Dispatcheko pertsonaiei —ingelesez, noski—: Aaron Paul (Breaking Bad), Laura Bailey (The Last of Us, Uncharted, Fire Emblem), Erin Yvette (Hades, Firewatch) edo Jeffrey Wright (Basquiat, The Batman) entzungo ditugu abenturan zehar.

Pertsonaia asko ezagutuko ditugu istorioan: gehienak, superheroiak.

Aurkezpena ere itzela da: grafikoki estetika zein maila ederrak eratu dituzte egileek, unibertso koloretsua eta bizia sortuta, pertsonaientzako diseinu mordoarekin, eta keinuz nahiz bizitzaz betetako animazioekin. Luxu hutsa.

Zortzi ordutan gainditzeko bezalakoa da AdHocen lehenengo titulua. Askok eskertuko duten erabakia, baina beste zenbaitentzat labur gera daitekeena; zorionez, ibilbide desberdinek birjokagarritasuna areagotuko dute, gutxienez, beste partida oso bat bizitzeko moduan, lehenengoan alboratu ditugun erabaki horiek eragin dezaketena ikusteko.

Telltalen azken proposamenek gogaitu egin ninduten, baina Dispatchekin zeharo gozatu dudala esan behar dut. Jokagarritasun proposamena interesgarria bada ere, gidoia, aurkezpenak, munduak, eta, batez ere, ezagutuko ditugun pertsonaiek harrapatu naute, beraiekin batera bihotzean gordeta geratzea lortzen duen sekulako jokoaz gozatuz.