Dungeon Fighter Online beat ‘em up frankizian oinarritutako proiektua da. Hainbat estudioren arteko elkarlana da: horien artean dago Arc System Works famatua.

Borroka jokoen berpizkundea ikusten dabiltza bideojokozaleak azken urteetan. Hainbat dira maila ikaragarria erakutsi duten frankizia berriak; horietara gehituko dela dirudi DNF Duel ikusgarria. Datorren urteko udan estreinatuko dela baieztatu dute garatzaileek trailer baten bidez.

Bertan orain arte aurkeztutako borrokalari guztiak errepasatu dituzte. Ez hori bakarrik, 11. iragartzeko aprobetxatu dute bideoa: Ghostblade misteriotsua espiritu batekin batera borrokatuko da konbo hilgarriak egiteko. Horrez gain, etorkizunean erakutsiko dituzten beste bi pertsonaia aurreratu dituzte; trailerra adi egon direnek Mechanic zein Troubleshooter ikusi ahal izan dituzte.

Izan ere, DNF Dueleko pertsonaiak aski ezagunak dira: Neople estudio korearraren Dungeon Fighter Online sagan oinarritutako borroka jokoa izango da. Honek beat ‘em up borrokak RPG elementuekin batzen ditu, Asian sekulako arrakasta lortuta: 700 milioi erabiltzaile ditu, eta 2005ean kaleratu zenetik 15 mila milioi dolarreko etekinak izan ditu. Hemen ia ezezaguna bada ere, munduko bideo-jokorik ospetsuenetakoa da DFO.

Borroka jokoa eratzeko bi garatzaile japoniar ospetsu hartu dituzte Neoplekoek. Alde batetik, Guilty Gear, Dragon Ball FighterZ edota GranBlue Fantasy Versus bikainetan lan egindako Arc System Works dago; bestetik, Marvel vs Capcom 3 zein Tatsukono vs Capcom: Ultimate All Stars berezien garapenean aritu den Eighting da arduradunetako bat.

Borroka jokoen zaleek gero eta gehiago eskatzen duten rollback netcode deitutako sistema inplementatuko du gainera proiektu honek. Modu horretara, latentzia gutxiko borroka azkarrekin goza daiteke sare bidez jokatzerakoan.

Orain egun gutxi batzuk beta irekia izan zuen PlayStation kontsoletan; jokatu dutenen aldetik kritika benetan positiboak jaso ditu DNF Duelek: borroka jokoen zaleak desiratzen daude behin betiko bertsioa ikusteko.

PC, PS5 eta PS4 plataformetan estreinatuko da DNF Duel 2022ko udan.