Dungeon Fighter Online frankizia arrakastatsuan oinarritutako borroka jokoa da. Arc System Works garatzaile ezaguna prestatzen ari da.

Mendebaldean Dungeon Fighter Online ez da horren ezaguna izango; Asian halere, 2005. urtetik sekulako arrakasta lortu duen beat ‘em up eta RPG frankizia da. Borrokak dira nagusi bertan, baina orain arte ez du berezko borroka jokorik jaso; hori aldatzear dago DNF Duel ikusgarriarekin: ia urtebete iraun duen isiltasunaren ostean Neople-koek trailer berria aurkeztu dute azkenik.

Dungeon Fighterren zein borroka jokoen zaleak desiratzen dauden obra da. Ez da harritzekoa, garatzaileak Arc System Workseko japoniarrak baitira: Guilty Gear, Dragon Ball FighterZ edota GranBlue Fantasy: Versus bikainen sortzaileak, hain zuzen ere.

Anime estetikadun hiru dimentsioko atal grafikoa edukiko du jokoak, nola ez. Frankiziako Berserker, Ranger, Striker, Inquisitor eta pertsonaia gehiago bilduko ditu borroka ikusgarrietan parte hartzeko. Trailerrean hauen modeloak, erasoak eta mugimendu bereziak ikus daitezke.

DNF Duelen inguruko informazioa oso eskasa da: garatzaileek ez dute plataformarik zehaztu, ezta argitaratze datarik ere. Hori bai, bideoa argitaratzearekin batera sare sozialetako kontuak ireki dituzte; hala izanik, etorkizunean berri gehiago iristea espero da.