Xbox Series X-n 120 irudi segunduko tasara iritsiko da urte amaieran estreinatuko den Halo berria.

Sareetatik hainbat zurrumurru zabaldu ondoren, Microsoftek baieztatu egin du. Halo Infinitek jokalari anitzentzako doako joko motak izango ditu.

Berria Twitter bidez ematea erabaki dute Haloren jabeek. Txioan adierazi dutenez, xehetasunak aurrerago eskainiko dituzte. Multiplayerrak free to play formatua bereganatuta, ikusteko dago mikrotransakzioak edo bestelako ordainketak egongo diren Infiniten.

Kontsola berrian izango duen berezitasun bat nabarmentzeko aprobetxatu dute Xboxekoek. Urte bukaeran kaleratuko duten Series X kontsolan 120 irudi segunduko tasara funtzionatuko du 343 Industries garatzen ari den bideojokoak.

Halo Infinite Xbox Series X, Xbox One eta PCan estreinatuko da 2020ko azken hilabeteetan.