Xbox One-en “Quantum Break” jokoaren argitarapena ospatzeko edo, Microsoft dohainik oparitzen ari da Remedy konpainiaren Xbox 360rako aurreko lanaren eduki gehigarria, hots, “Alan Wake” beldurrezko abenturarenak.

Alan Wake idazlearen istorioa eta “The Signal” eta “The Writer” opari zetozen “Quantum Break”en aurre-erosleentzako paketean. Halere, Redmondeko konpainiak DLCak erabiltzaile guztion eskura uzteko erabakia hartu omen du; XOne bat dutenentzako ere zabal daitekeena, makina honek Xbox 360rekin duen retro-bateragarritasunari esker.

Microsoftek ez du aipatu eduki estra hauek noiz arte egongo diren musutruk eskuragarri; beraz, Xbox-en erabiltzailea bazara ahalik eta lasterren jaisteko gomendioa luzatzen dizuegu. Horretarako, bi esteka hauek erabil ditzakezu: