Anemia espazioan.
Humble Bundle bedeinkatuak, zenbat altxor ezagutzeko balio duten. Dome Keeper iaz saldutako bilduma batean aurkitu nuen lehenengoz. Estetikak zein proposamenak erakarri nindutenez, une aproposa iristen zenerako gorde… eta, tira, xahututako sosak aprobetxatu ditudala esan dezaket.
Bippinbits estudioak 2022an PCrako argitaratu zuen indie obra txikia dugu Dome Keeper. Espazioan ariko gara, baina askorik galdu gabe: planeta desberdinak minatzera joko duen langilea baino ez gara izango. Horrela, lurrazpian barneratuz meatzea osatzen joango gara, baliabide desberdinak bilduz, partida bakoitza bukatzeko planetatik alde eginez. Sinplea, ezta?
Kupularen babesleak
Biziraupen eta kudeaketa jokoa dela esan dezakegu, hortaz, baina akzio kutsua ere badauka tituluak. Izena jartzen dion kupularen zaintzaileak gara baita, eta, horretaz baliatuz, gure meatze lanak zapuztera datozen sumindutako estralurtarren erasoengandik babestu beharko dugu gure lurrazpiko gordelekua.
Partida mota arrunta azalduz has gaitezen. Dome Keeperren lehen orduetan meatze lanekin antzinako erlikia bilatzeari ekingo diogu: hau aurkituta, alde egitea izango da gure ardura bakarra. Lurrazaleko kupularen babespean hasiko gara, eta, lehen pertsonaia motak daukan zulagailuarekin, pixkanaka-pixkanaka hormak zulatzen eta tunelak eraikitzen joango gara.
Bi dimentsioko estetika nahiz jokagarritasuna aurkezten dizkigu jokoak. Aipatutako jetpackarekin plano bidimentsionaleko edozein norabidetan mugi gaitezke, mugarik gabe. Lehen minutuak geldoak eta lasaiak dira: zulagailuak ez dauka indar handiegirik, eta gure jetpack fidela ez da azkarregia.
Burdin bila
Laster batean hasiko gara lehen baliabideak aurkitzen. Hiru dira: burdina, ura eta kobaltoa; lehen biak gure tresnen hobekuntza orokorretarako erabiltzen dira, eta, azkena, kupula konpontzeko. Zulagailuarekin erauzita jetpackera lotu ondoren, kupulara eraman beharko ditugu. Kontuz hartutako mineral kopuruarekin, ordea: geroz eta pisu gehiago, geldoago egingo dugu hegan, geldi edo horma artean trabatuta geratzeko arriskuarekin.

Kupulan kokatutako material biltegian gordeko ditugu mineralak, eta segituan hasiko gara baliabideez aprobetxatzen. Ordenagailuan abilezien eta hobekuntzen zuhaitza zabalduko zaigu, hainbat aukera proposatuta: gure pertsonaiari dagokionez, zulagailuaren indarra, mugimendu abiadura edo garraiorako ahalmena hobe ditzakegu, adibidez.
Modu horretara, meatze prozesua bizkortuko dugu, erlikia bilatzea erraztuz… baina ez da horren sinplea izango, noski. Esan bezala, kupula erasoko dute inbaditu dugun planetako bizilagunek: horda desberdinak garaitu beharko ditugu, gure kupularen indarra erabilita. Hasiera batean kontu handiz ibili beharko gara, baina hobekuntzen bidez eraso bakoitza hasteko epemuga adierazten digun alarma lor dezakegu.
Laserra berotzen joan zaitez
Laser kupularekin hasiko gara. Kanoi laserra kupularen gainetik mugituz, izpi zuzena jaurtiko dugu, arerioak kiskaliz. Mineralekin gure laserra hobe dezakegu: izpiaren indarra, kanoiaren abiadura eta bestelakoak areagotzeko bideak ditugu burdina, ura zein kobaltoa erabilita. Kupula bera ere indartu daiteke, defentsa handiagoak eskain diezazkiokegu, bizitza areagotuz, edo, adibidez, hurbil dauden etsaien aurkako eraso elektrikoak gaineratuz.

Hobekuntzak ezinbestekoak dira. Nahiz eta lehenengo erasoetan bi edo hiru etsai arrunt agertuko zaizkigun, bukaerako hordetan dozenaka alien azalduko dira, are izaki gehiago agerraraziz, zerutik erasota… Ez dugu ezer erorik aurkituko, orokorrean, eta ziztu bizian tiro egitea baino ez daukagu hauek akabatzeko —zenbait izakik hainbat tiro beharko dituzten arren—.
Lurrazpira itzuliko gara azkar batean erasoaldia bukatzerakoan, baliabide gehiagoren bila. Meatzean ez dugu etsairik ez borrokarik aurkituko, baina bai sekretuak: mineralez gain, gure xedearekin lagunduko diguten altxorrak bila ditzakegu. Tresnak dira orokorrenak: hauen gordelekuen ondoan gaudenean zulatzeko pareta bereziak azalduko zaizkigu, eta bertan dagoen tresna hartuta gure kupulara eramanda, mota desberdinetako hobekuntzak desblokeatuko ditugu partidarako.
Dome Keeperren lehen orduetan meatze lanekin antzinako erlikia bilatzeari ekingo diogu: hau aurkituta, alde egitea izango da gure ardura bakarra.
Lerro zuzenean jaisten doan zulagailu automatikoa, kupularentzako armak, lehergailuak, baliabideak erauzteko zizareak, baliabideentzako igogailua… askotarikoak lortuko ditugu, minatzea erraztuz. Kobazuloekin ere topo egingo dugu gure bidaietan: biomaren arabera laguntza desberdinak eskainiko dizkigute; esate baterako, baliabideak batzen dituen olagarro antzeko bat lor genezake.
Espazioko bidaiak entretenigarriagoak eginez
Erlikiak bilatzeko modalitatea baino ezingo dugu aukeratu hasieran; esan bezala, kasu honetan helburua erlikia nagusia lokalizatzea eta kupulara eramatea izango da. Bestelako joko motak desblokeatuko dugu hainbat partidaren ostean, baina.
Gremioaren erronkena da bigarrena: misio desberdinei aurre egin beharko diegu hemen. Adibidez, ordu erdiko epemugan 200 burdin material biltzea. Misioak gaindituta, hobekuntza iraunkorrak desblokeatzeko sariak jasoko ditugu: arma zein tresna indartsuagoak, zenbait abilezia hasiera batetik erosita edukitzea, meatzearen erdigunea markatzea…
Bukatzeko, prestigio edo ospe modalitatea daukagu. online komunitatera bideratutako joko mota dela esan daiteke: baldintza desberdinetan ahalik eta puntuaziorik onena lortzea da xedea, ihes egitea lortuta, ondoren online tauletan gure emaitzak partekatzeko.

Modalitateez gain, partidak bukatuta beste eduki batzuk ere jasoko ditugu. Kupula mota desberdinak dira nagusienak: kanoi laserrarena aipatu dugu, baina tximistak jaurtitzen dituen Tesla kupula edo ezpatadun kupula lor genitzake, besteak beste. Gauza bera kupula babesteko tresneriaren aldetik. Noski, arma zein defentsa berriak hobetzen aritzeko zuhaitz abilezia desberdinak ikusiko ditugu.
Bigarren pertsonaia mota bat ere badago, gainera: balioztatzaileak energia edo magia kinetikoa erabiltzen ditu, ingeniari arruntarekiko aldaketa interesgarriak proposatuz. Adibidez, soinean daramatzagun baliabideak jaurti ditzakegu garraioa bizkortzeko, edo lurrazpiko paretak deuseztatzeko energia bolak erabili.
Hobekuntzak ezinbestekoak dira. Nahiz eta lehenengo erasoetan bi edo hiru etsai arrunt agertuko zaizkigun, bukaerako hordetan dozenaka alien azalduko dira, are izaki gehiago agerraraziz, zerutik erasota…
Ez dago istoriorik edo kanpainarik, baina aipatutako modalitateek nahiz desblokeatzeko edukiek meatze lanetan animatzen gaituzte, partidak gehiegi aldatu gabe, baina freskotasuna gehituz. Pertsonaia mota gehiagoren hutsa igartzen dela esan beharra daukat, tamalez: balioztatzailearen ideia oso interesgarria da, eta halako aukera gehiago itzel etorriko litzaizkioke Dome Keeperri.
Partidei bizi gehiago emateko hainbat aukeren artean hauta dezakegu: maparen tamaina, zailtasuna edo partiden eraldatzaileak aurkituko ditugu menuan. Azken hauekin munstrorik gabeko saioak edo burdin gehiagoko meatzeak sor ditzakegu, esate baterako.

Ospatzekoa da, dena den, egileek komunitatearekin abiarazitako elkarlana: Steam Workshop bidez mod edo eraldatzaileak gainera ditzakegu. Kupulak, armak, biomak… eta, bai, pertsonaiak deskarga eta inplementa daitezke klik bakarrari esker. Ez dago eduki askorik… oraingoz: garatzaileek analisia argitaratu dudan unean modik onenentzako sari banaketa ekitaldia prestatu dute, hain zuzen ere.
Estetikari buruz hitz eginez bukatu nahiko nuke. Pixel art minimalistarekin, ez dugu grafiko gogoangarririk ikusiko, baina bai erakargarriak: koloreekin asko jokatzen du tituluak, gune berezi bezain ederrak sortuz. Egia da zerbait landuagoa ikusi nahiko nukeela zenbaitetan, batez ere, estralurtarren aldetik. Baina batzuetan ez da gehiago behar. Oso interesgarria, gainera, kode askeko Godot garapen motorearekin sortu dutela garatzaileek.
Ezin dezaket esan Dome Keeperrek guztia maisukiro egiten duenik, ezta gauza bakar bat ere… baina ordu luze batzuez ikaragarri gozatu dut Bippinbits estudioaren jokoaz. Aniztasun eta egoera gehiago edukitzea itzel etorriko litzaioke hurrengo mailara iristeko, zalantzarik gabe, baina erlaxatzeko eta ondo pasatzeko aproposa den joko txiki horietakoa da meatze estralurtarrena. Ez dakit balio dituen 18 euroetan gomendatuko nukeen, baina beherapentxoarekin, edo, are hobeto, Humble Bundle zein antzekoetan lortzerik bazenu, ez izan zalantzarik, eta eman aukera bat.
Iruzkinak