Inperfekzioaren analisi inperfektua
Nintendo Acción aldizkaria oraindik ez nuen irakurtzen 1996an Donkey Kong Country 3ari 100/100-eko puntuazioa egotzi ziotenean. Ez dakit noiz jabetu nintzen datu honetaz, esango nuke urteetan zehar behin baino gehiagotan aipatu zutela, Donkey Kong berri bat irtetzear zegoenetan akaso.
2003an, aldizkariak beste puntuazio perfektu bat banatu zion The Legend of Zelda Wind Waker-i, Donkey Kong Country 3 berriro aipatzen zutela. Une hartan, bi joko hauek jokatzeko irrika piztu zitzaidan.
Wind Waker abentura bikaina iruditu zitzaidan. Ez perfektua, baina perfekzio ezinezkotik hurbil, GameCube sistemarako, jostatzea behar-beharrezkoa den jokoa. Aurten, Donkey Kong Country 3ren txanda iritsi da azkenean, aurreko guztiak jokatu ondoren eta bere aintzindaria nire Super Nintendorako plataforma joko gogokoena bezala koroatu ostean. Hirugarrenak koroa kenduko dio nire bihotzetik? Nintendo Acción aldizkariko analisiarekin bat al nago? Segi irakurtzen.
Ez al da inoiz irudikatutako aintzira ederrena?
Oraingoan musikaz ariko naiz lehenengo. Evelin Fischer-ek, orain Evelin Novacovic bezala ezagutzen denak, hartu zuen soinu bandaren zuzendaritza David Wise-n laguntzarekin. Evelinek Donkey Kong Country originalerako giro-musika misteriotsuak direnak sortu zituen nire iritziz eta horrela deskribatuko nuke joko honetako musika. Giro-musikaz beterik eta misteriotsua.
Lau urte beranduago Joanna Dark-en ahotsa izango zenak, melodia ederrak utzi zituen joko honetan, Donkey Kong Country-ren izaera mantenduz. Niretzat ordea, bigarren jokoa gailendu egiten zaio atal honetan. Jokoak piraten gaia edukitzeak errazago girotzeko aukera ematen diola uste dut. Melodia batzuek gainera, lehenengo jokoaren nota batzuekin jokatzen dute, eta horrek kohesioa ematen die bi tituluei. Stickerbush Symphony gainera. Zaila baino zailagoa da Stickerbush Symphony bezalako ereserki bat ekoiztea. Super Nintendorako soinu banda onenetarikoa da, dena den, ez da gutxi.
Soinu efektu eta jostagarritasun aldetik, jokoa aurrekoaren berbera da. DKC2 bikaina izanda, asko aldatzerik ez du merezi, egia esan. Tximinoek beti bezala erantzuten diote aginteari eta norbaiti errurik bota behar bazaio, garunaren eta hatzen arteko konexio abiadurari besterik ezin zaio bota. Jokoak bidezko zailtasuna mantentzen du maila ezberdinetan zehar, pixkanaka-pixkanaka zailtzen doalarik.
Nire arazo bakarra, azkeneko munduko mailak jolasteko, aurrekoetan laurogei eta hemezortzi Bonus-Txanpona bilatzera behartzen zaituena da. Nik tranpa egin dut oraingoan, nire denbora estimatzen baitut, eskerrik asko. Jokoaren artxibo hautatze menuan botoi konbinazio bat sakatuta, kode sekretuak sartzeko aukera dago. Horietako batek Bonus Txanpon guztiak eskuratzeko balio du, eta, horri esker, maila guztiak jostatzeko aukera izan dut.
Titulu honetan Dixie eta Kiddy dira protagonistak, Donkey Kong eta Diddy K. Rool erregearen hatzaparretatik salbatu beharko dituzte. Dixie bigarren titulutik ezaguna da. Mototsari esker airean planeatu dezake eta bizkorra da. Saga osoko kontrolatzeko pertsonaia dibertigarriena, nire ustez.
Kiddyk Donkey Kong-en indarra dauka, hirugarren atal honetan Dixie besotan hartu eta jaurti egin dezake, toki berrietara iristeko. Hartu eta jaurtitzerakoan ordea, Diddyren estiloan egiten du, eskutan daukana bere aurrean mantenduz eta arin jaurtikiz. Dixie motelagoa da, Donkey Kongen antzera. Kiddy ez da oso pertsonaia gustokoa zaleen artean, baina, niretzat, pare honek Country sagako konbinazio onena osatzen dute erabilgarritasun aldetik.
Aurreko planoan Dixie, planeatzeko planarekin
Bistakoena ez dut aipatu oraindik. Super Nintendoko joko ederrenetarikoa da hau. Aurrekariek bezala, aurrez errenderizatutako pertsonaia eta inguruneak aurkezten dituzte. Ez naiz DKC2ren gainetik dagoela esateko gai, nola hobetu liteke hobetu ezinezkoa, baina. Uraren eta perspektiba efektuak ere, aurreko jokoaren mailara daude. Nire perspektiba efektu gogokoena DKC2ko galeoi barrualdearena da oraindik, baina teknologia berbera erabiltzen dutenez, ez dut hobea denik esango. Oraingoan kolore kontraste nabariagoa egiten saiatu direla esango nuke, jokoa ilunegia ez izatea bilatuz agian. Hamarretik hamar, ezin gehiago gehitu.
Aldaketa handiena mailen diseinuan dagoela esango nuke. Lehenik eta behin, mapa baten zehar mugitu behar dira Kong protagonistak, mundu berriak bilatzeko. Maila bakoitzak bere trikimailua dauka, jostagarritasunean zuzenean eragiten duen mekanika bat ustiatzen saiatzen da une oro. Aurreko jokoak baino gehiago, esango nuke nik. Maila bakoitza esperientzia ezberdin bat izan dadin gogor saiatu direnaren susmoa daukat. Berriro ere, hau hobeagoa ala okerragoa den norberaren gustuaren araberakoa da.
Atsegin ez ditudan mailak behin bakarrik jokatu behar izan ditut, baina atsegingarri egin zaizkidanak ere, dastatzeko aukera gutxi izan dut. Berrogei eta zortzi maila ezberdin garatzeko ahalmena izatea, txalotzekoa da, nolanahi.
Halako balentria lortzeko, noski, animalia lagunekin kontatu dute berriro: Enguarde ezpatarraina, Squawks loroa eta Squitter armiarma ezagunak itzuli dira maila berriei kolorea emateko. Rambi errinozeroa Ellie elefantearengatik aldatu da. Antzekoak dira kontrolatzeko, baina Ellie ez da hain boteretsua. Trukean, tronparekin ura jaurtikitzeko aukera dauka. Aldaketa interesgarria, bere mailak gehiegi gustatu ez zaizkidan arren. Bigarren loro bat ere gehitu da, Squawks-en antzekoa, abilezia pixka bat ezberdinekin. Baita txoritxo txiki bat ere, abilezia puzle interesgarriak sortzen dituena.
Esan bezala, munduz mundu mugitzeko, mapa bat nabigatu behar da. Ez nago ideiaren aurka baina zaila zait jokoari zer gehitzen dion antzematen. Toki sekretu batzuk daude, mapan zehar akzio botoia behin eta berriro sakatzera gonbidatzen dutenak, abentura grafikoetan galduta dagoenaren antzera. Hartza familia bat ere bada, bata besteari zentzurik gabeko objektuak eramatea agintzen dizuna, jokoan murgiltzera laguntzeko akaso. Ez dakit, guzti hau ez balego ere, berdin izango litzateke niretzat.
Mapak abentura grafiko baten kutsua dauka
Orokorrean joko aparta, Super Nintendo kontsolarako beharrezko horietako bat. Gutxigatik bada ere, aurreko titulua nahiago dut, baina ulertzen dut joko honek bere zaleak edukitzea, hau ere bikaina baita. Ehun puntutatik ehun emateko ordea, ez zait iruditzen. Frogarik ez badut ere, zalantzarik ere ez daukat marketing jokaldia besterik ez zela izan, Nintendo 64ak Super Nintendoaren gainean itzala egiten hasi zitzaion garaian eta salmentei azken bultzada emateko amarrua.
Urteak aurrera egin ahala Nintendo Acción aldizkariarengan fedea galdu nuen analisiak puztuta zeudela iruditzen zitzaidalako. Interneten ere, webgune batzuek haien alde itsusiena erakutsi izan didate era ezberdinetara saldutako analisiak eskainiz. Azkenaldian jarraitzen nituen blog moduko webgune batzuk ere, erosiak izan dira tamalez, kalitate urriko edukia egitera bilakatu direlarik. Kontuz ibili beraz, ganorazko analisiak aurkitzea ez baita afera makala. Niregan fido zaitezkete ordea, 100/100 daukat analista bezala. Zin dagizuet.
Iruzkinak