Doodle-ren Txapeldunen uharteko jokoak deitua, anime estetikadun kirol minijoko desberdinak proposatzen ditu doan jokatu daitekeen lanak.

Tokioko Olinpiar Jokoak gaur hasiko dira azkenik, eta hori ospatu nahian Googlekoek beraien Doodle ezagunetako bat prestatu dute, berezitasun batekin: bideo-joko interaktiboa sortu dute oraingoan. Ez hori bakarrik: euskara hutsean gozatu daitekeen abentura da gainera.

Doodle-ren Txapeldunen uharteko jokoak izeneko bideo-joko txiki honetan Lucky ninja katua kontrolatuko dute jokalariek. Bere helburua hainbat erronkari aurre egitea izango da txapeldunen uharteko maisua izateko; nola ez, erronka hauek kirol formatua edukiko dute.

Modu horretara, hainbat kirol minijoko gainditu beharko ditu katu protagonistak: mahai-tenisa, errugbia, igeriketa sinkronizatua, arku-tiroa, skateboarding-a, maratoia eta eskalada izango dira jokoak batuko dituen frogak.

Zazpi maisuei irabazi beharko zaie, baina gainera puntuazio taula globalak ere dauzka jokoak. Are gehiago, joko hasieran lau talde desberdinen artean aukeratu beharko da, eta lortutako kalifikazioekin mundu mailako txapelketa irabazteko aukera egongo da.

Anime estetika koloretsuarekin, 16-biten garaiko bideo-joko japoniarretan inspiratu direla diote Googlekoek. Abenturak lau ordu inguruko iraupena dauka, eta edozein nabigatzailetan jokatzeko aukera dago, dohainik.

Jokatzeko egin klik hemen.